Egunero jasotzen ditugu deiak alkatetzako bulegoan, eta azken aldian gehienak atez atezkoa noiz kenduko dugun galdetzeko. Niri eta nire udal taldeari, zuei bezala, sistema aldaketa ahalik eta azkarren gauzatzea gustatuko litzaiguke, behingoz edukiontziak kalean eta erabilgarri edukitzea. Gogora ekar dezagun…
EHBilduk, gehiengo osoa eduki arren, bi urte behar izan zituen atez atekoa jartzeko; guk, aldiz, gehienez sei hilabetetan kendu ahal izango dugu. Espero zenutena, espero genuena baino denbora gehiago izango da, baina ezin da azkarrago egin. EHBilduk bere montajea oztopo administratiboz josi zuen.
Hasteko Kontsultarako ordenantza onartu zuten. Baita atez atekoarentzako Hiri Hondakinen ordenantza ere. Ondoren Garbitanian sartu zuten udala, ezker abertzaleak kontrolatzen duen enpresa horretan, 121.000€-tan akzioak erosita. Eta azkenik hiri hondakinak atez ate jasotzeko urtero 420.000€ bideratu zituzten. Udalak egin behar izan zituen beste inbersio asko kontutan hartu gabe: Larrialdi guneak, posteak, kuboak…
Kontsultaren emaitza ikusita, udalaren osoko bilkurak zaborren bilketaren ardura San Markosi eman dio. Mankomunitateak edukiontziak doan jarriko dizkigulako, bilketaren kostuak ez duelako 80.000€-ko kopurua gaindituko.
San Markosentzat erronka izango da; eta guretzat, diru aurrezki galanta. Azken hilabeteotan hiri hondakinen bilketa arautzen duen udal ordenantzaren aldaketan, hitzarmen berriaren erredakzioan eta zerbitzua definitzen dihardugu. Administrazioaren epeak jarraituz. Horregatik ez goaz nahi bezain azkar.
Kontsulta egunean zuen konfidantza gure udal gobernuarengan jarri zenuten eta zail egiten zait ezer eskatzea, baina kontua da, edukiontziak kalean ikusi ahal izateko apur bat gehiago itxaron behar izango dugula. Aldaketa martxan dago, edukiontziak gertu dauzkagu. Gutxiago gelditzen da.