38 urte eta gero, Hernani berriz ere Kontxan

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Goñi Iradi 2016ko ira. 3a, 02:00

-Iñigo Goñi Iradi-

Historikoa. Halaxe izan zen pasa den ostegunean Maialen, nesken traineruak lortutakoa. 38 urte eta gero Hernanik ontzi bat edukiko du Kontxako Es­tropadan eta lehen aldiz emakumeen trainerua. Donostiako portuaren inguruan hernaniarren poza izugarria zen eta ez zen gutxiagorako. Urte asko pasa dira Hernaniko trainerurik gabe Donostiako Estro­padan eta 2016. urtea dagoeneko urrezko hizkiz idatzita egongo da taldearen oroimenean.
Sailkapen estropadan seigarren postua lortu zuten hamar traineruren artean, eta bihar, bigarren txandan ariko dira San Juan, Orio eta Deustorekin batera. Lehen txandako beste lau traineruak Hibaika, Donostia-Arraun, Getaria-Zarautz eta Cabo dira. Estropada eguerdiko 11:00etan hasiko da, eta, beraz, Maialen ontziak 11:15 inguruan ekingo dio lanari.

Pasa den urtean aurrenekoz atera zen Hernaniko emakumeen trainerua, eta bigarren urtean, dagoeneko, Kontxarako sailkatzea lortu dute.

Emakumeak, sua mantenduz

Hernaniko Arraun taldeak gorabehera handiak izan ditu azken 40 urteetan. Askotan trainerurik uretaratu gabe egon behar izan du, jenderik ez baitzuen txalupa osatzeko, eta azken urteetan emakumeak izan dira bultzada eta sua mantendu dutenak. Honela, pasa den urtean lehen aldiz emakumeen trainerua irten zen, eta bigarren urtean, dagoeneko, Kontxarako sailkatzea lortu dute. Taldea 23 arraunlari eta patroiek osatu dute eta beraiena da batez ere lortutako balentria.

Azken hamarkadan gauza asko ondo egin diren seinale da Hernanik lortutako balentria. Hasteko trainerua osatzea. 20 arraunlari inguru behar izaten dira traineru bat osatzeko eta Hernanik hori lortu du; arraun ohitura haundiagoko herri askok lortu ezin dutena, saiatu diren arren. 
Bestetik klubeko arduradun, entrenatzaile eta arraunlarien lana ere nabaritzekoa da. Itzalpean lan asko egin dute Xabier Zabala, Ainhitze Kalonje eta Juanjo Etxartek. Eta beraien lanaren fruituak iritsi dira. Seigarren amaitu zuten sailkatze estropadan, Deustoren aurretik hain zuzen, eta lehendabiziko postuetako traineruen mailara asko hurbildu dira pasa den urtetik hona. Denboraldian zehar ere, hobekuntza nabaria izan dute. Hibaika eta San Juan bezalako taldeetatik minutu erdira amaitzea oso maila altua ematea da.

Batis Larburuk eta beste askok merezitako emaitza, Kontxara iristea
Gainera, Hernaniko arraunak behar zuen honelako saria, bertan urte hauetan guztietan lan handia egin duen jendearengatik. 1978. urtea izan zen Hernanik Kontxako uretan arraun egin zuen azken aldia. Ordutik hona taldea, instalakuntzak eta inguruko jendea asko aldatu dira, baina Herna­niko arrauna beti odolean eraman eta sustengatu duen gizona Batis Larburu da. Ostegu­nean delegatu lanetan aritu zen eta bihar ere bertan izango da. 70. hamarkadan arraunlari aritu ondoren, arraun talde batean dauden postu guztietatik pasatu da. Arraunlari, entrenamenduetan patroi, zu­zendaritzako partaide, entrenatzaile, delegatu, lehendakari... zer ez du egin Batis Larburuk? Eta Hernanin oraindik arraunik baldin badago, hori berari esker izan da. Inoiz ez du alboratu herriko arrauna eta klubean egon da urtez urte azken ia 50 urteetan.
Ostegunean pozik zegoen Larburu eta seguru garai bateko oroitzapenak etorri zitzaizkiola burura. Berak gogoratu zuen azkenaldi hura. «1978. urtea zen eta berriz ere, 38 urte ondoren, Hernani Kontxan ikustea benetan polita da». Emozioa azal gainean eduki zuten portura hurbildu ziren hernaniar orok.

Hibaika eta San Juan bezalako taldeetatik minutu erdira amaitzea oso maila altua ematea da. 

Mutilen trainerua oraindik ere ez dago uretan. Ia hamar urte pasa dira 2007az geroztik, azkenaldiz irten zenetik. Baina nesken salkaitze honek asko lagundu dezake mutilen arrauna berriz ere berpizten. «Dudarik gabe bultzada handia da Hernani Kontxan ikustea» zioen Xabi Zapiain zuzendari­tzako partaideak. Eta hori ostegunean jada nabaritu zen. Kamiseta berdeekin hainbat herri kide ikusi zitezkeen badiaren inguruetan, eta zalerik animosoenatekoak izan ziren.

Azeri dantzaren doinuekin deialdia
Nesken poza izugarria izan zen behin portura iritsi eta Maialenetik jeitsi zirenean. «Urteko helburua bete dugu eta orain disfrutatu beharrean gaude», zioen Kalonjek. Bi igandeetan estropada ahalik eta hoberenak egiten saiatuko dira. Seigarren postua lortzea ez da iritsi ezineko helburua. Deustori aurre hartzea eta Donosti-Arraun ere aurreratzea posible da. Eta zergatik ez, Getaria-Zarautzen ondoan ere lehiatzea.
Arraunlari eta senideen arteko besarkaden artean azeri dantzaren doinuak entzun ziren. Igandean oihartzun handiagoarekin entzutea espero da. Jende asko harrituta geratu zen Hernanitik mugitutako jendearen txaloak zenbaterainokoak izan ziren entzunda. Eta egia esan, orain 38 urte gertatutakoaz gutxi oroitzen dira, eta asko eta asko oraindik jaio gabeak ziren. Hernanik beti mugitu izan du jende andana ekitaldi nagusietan parte hartu duenean. Eta seguru igandean ere ehundaka hernaniar hurbilduko direla Donostiara, baina oraingo honetan herriko eta taldeko kolore berdearekin soinean.

Hernani Kontxan ikustea bultzada dela nabari zen ostegunean; kamiseta berdeekin hainbat herri kide ikusi zitezkeen badiaren inguruetan, eta zalerik animosoenetakoak ziren.

Hernani Arraun Elkartetik deia, kamixeta eta guzti animatzera joateko
Taldetik deialdia egiten diote herriari igandean herriko neskak animatzera hurbildu daitezen, eta Hernaniren izena ikusi dadin. Herriko gazteek ez dute ezagutu Hernaniko trainerurik Kontxan eta aurtengoa aukera ederra izan liteke ha­rro­tasunez hori bizi eta gozatzeko. 
Jendeak kamixetak erosi nahi baldin baditu, gaur, bihar eta datorren astean zehar Kale Nagusiko Joxe Mari tabernan erosi ahal izango ditu.
Pasa den urtean Hernaniko Arraun Elkarteak bere 50. urteurrena ospatu zuen. Lehenengo aldiz 1971. urtean hartu zuen parte Kontxako Estropadetan, Kontxako Ban­deran. Ondoren 1973an, 1974an, 1975ean, 1977an eta 1978an ere Hernanik lortu zuen sailka­tzea. Beraz, aurtengoa herriko talde baten zazpigarren partaidetza izango da. 

 

Hernani Kontxan, 38 urtetan

Azken 38 urtetan hernaniarrik ez da falta izan Kontxako Bandera lortzeko lehian, eta aurten ere ez da faltako.

Azken 38 urtetan Hernani egon da Kontxan beste taldeetan banatuta. Ia urtero egon da arraunlariren bat beste traineruetako tostak osatzen eta aurtengoan ere egongo dira. Nesketan Maialen traineruan egongo dira denak, baina mutiletan bi taldetan egongo dira, batez ere, banatuta. San Juan traineruan Arkaitz Goñi ariko da. 1994. urtetik ia urtero egon da Goñi anairenbat Kontxan parte hartzen eta aurtengoa Ar­kaitzek hamabosgarren partaidetza izango du.
Donostiarra traineruan ere bada hernaniarrik nahiz eta Xabier Zabala entrena­tzailea aurten kanporatua izan, denboraldi erdian. Aitor Iraola eta Andoni Saizar taldeko partaide dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!