Pasa den larunbatean, abuztuak 20, gaueko 21:00ak aldera, txakurrak paseatzera atera nituen, ohi bezala, jubilatuen etxe ondoko Kardaberaz parkera.
Bi txakurrek pixa egin zuten, eta besteak kaka, bolatokiko zelaigunean, eta beti egiten dudan bezala, magnolio hosto lehorren laguntzarekin jaso nuen.
Gaueko 22:15 inguruan nere lokalean nengoen, bi udaltzain etorri zirenean, eta oraingoan bai, zuzen agurtu ninduten.
Azaldu zidaten dei bat jaso zutela, esanez, nere txakurrak aske zebiltzala eta kaka egin zutela, nik jaso ez nuena. Galdetu nien ea esan horiek egiaztatu ote zituzten, eta ezetz esan zidaten. Galdetu nien, baita ere, ea ba al zekiten zein ziren txakurrak aske utzi daitezkeen toki eta ordutegiak.
Adeitsu agurtu ninduten, esanez, jakinaren gainean nengoela, eta eskertzen diet.
Aprobetxatu egin nuen galdetzeko ea ba ote zekiten asteburu askotan (urteak dira) idatzizko salaketak aurkeztu ditudala Hernaniko udaltzaingoan, Andrekaleko zalaparta medio, eta aldiko udaltzainak zientoka aitzakia bilatu dituela, azkenean, nere salaketa ez onartzeko eta udaletxera bideratu nezan eskatzeko.
Erraza da ulertzea larunbat-igande gauean zaila dela salaketa udaletxean jasotzea, eta kasuak eskatzen duen bezain azkar jokatu ahal izatea.
Besteren batean, salaketa telefonoz egitean, eskatu didate idatziz egiteko eta udaletxean aurkezteko.
Beraz, gaizki ulertu ez badut, nere txakurren inguruko deia egin dutenei kasu egiten diete denbora gutxian, eta beste batuzetan, segun eta nori, udaletxera jotzeko esaten digute.
Bada ez dut ulertzen. Agian arrazoi eman beharko zaio zera esaten zidanari: «hain atsegina izanda, hariari segitzen ez diozunez...».
Lerro hauen bitartez aprobetxatu nahi dut udaltzain hauei eskatzeko tratau nazatela gainontzeko herritarrak bezala. Ez dut inolaz ere tratu berezirik eskatzen, eta galdetzen dut: salaketa faltsuei jarraipenik egiten al zaie?
Aurrerantzean horrela izan dadin espero dut, eta udaltzainei eskertzen diet egindako ohartarazpena.
Ion Azpiazu Goñi