Nire bizitzan zehar nire zaletasunek metereologiari eta inguratzen gaituen inguruneari begira egotea eraman naute.
Oraingo honetan, enaren txanda iritsi da.
Gure haurtzaroan, udaberritik abuztuaren bukaerara arte ikusten genituen enarak kaleetan barrena jirabiraka hegan egiten; plazatik, Atzietan, eta orokorrean, landa-eremuan eta herrian zehar. Bertako balokoietan sortu baitzituzten beraien kabiak.
Orain, erretiratuta, argazkilaritzari denbora eskaintzen diot, baita ehizari ere. Eta horrek aukera ematen dit denbora luzeagoz nire ingurua behatzeko.
Uztailaren bukaeran, landa-eremutik egin ditudan paseotxoetan atentzioa eman dit egun batzuk lehenago bertan ez zeuden enaren pilaketa ikusteak. Honek esan nahi du kumeak jada garatuta dituzten familiak batzen ari direla, eremu epelagoetara buelta egin eta negua bertan pasatzeko.
Mugimendu hau hain goiz izateak harritu nau. Izan ere, normalena zen migrazio hau abuztuaren bukaeran hasi eta urriaren hasierara arte luzatzea. Egin ditudan argazkiak uztailaren 26koak dira.
Atentzioa ematen dit, baita ere, gero eta gutxiago direla kabia egitera gurera etortzen diren sorbeltz eta enarak.
Aurreneko arrazoia: gure artean dauden euli kopuruaren jeitsiera.
Nekagarriak ala ez, euliak gure bizilagunak izan dira gure bizitzan zehar; etxeko sukaldean, eskolako mahaian, okindegiko mostradorean, gozoen gainean... Zer pasatzen da euliekin? Sorbeltz eta enaren elikagai nagusia diren euliak ez egotea da gure inguruan txori insektiboro hauek ez ikustearen arrazoietako bat.
Besterik gabe, gure inguruan, onerako edo txarrerako, gertatzen ari diren aldaketei buruz, kontuan hartu beharreko iruzkina da hau.
Ion Azpiazu Goñi