Pello Zubiria Kamino
Hernanin Zero Zabor
Uztailaren 28an, ez bada tartean trumoi handiren bat, egingo dute (ez da gertatuko berez, norbaitek norbaitentzako zerbaiten truke eginen du) Zubietako lapurreta handia, gaur hasi eta 2051a arte Gipuzkoan biziko diren herritar guztiak zorpetuko dituen ebasketa itzela. Eta nik diotsuet diru publikoen lapurroi: ez nire izenean.
Esku artean daukat Deloitte ‘aholkularitza’ (sic) enpresak GHKri prestatutako Informe de fiscalización previa del gasto y certificado de existenc... zeinaren 8. orrialdetik aurrera kontatzen den guri eta gure ondorengoei eta gure ondorengoen ondorengoei nola pagaraziko dizkiguten uztailaren 28an perpetratuko den zor alferrikako eta ilegitimo berriaren ordainak, zaborraren kontratisten preso geratuko diren gure Udalen bitartez. Zeren eta gure Udalek 2051 artean…
–Ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu edo eman, ezta askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere.
-Udalentzako zor horren ordainketak lehentasuna edukiko du beste edozein gasturen aurretik, berdin dio sozial edo beste.
–Udalen batek zorretan baleuka zaborren kontratistekiko kuotaren bat, Diputazioak deskontatuko dio bere diru-iturrietatik.
–Udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta ez badu GHKk segurtatzen zaborren kontratisten urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela.
–Udalen batek GHKtik irten nahi badu, pagatu beharko dio (separatzearen gastuekin) 2051 arte onartutako kostua eta bera joateagatik gainerako Udalei eragindako edozein aldaketa.
Uztailaren 28an Zubietako erraustegiaren esleipena sinatuko duzuen Foru Aldundiko, GHKko, mankomunitateetako eta Udaletako agintariok: alternatiba garbiago, merkeago eta osasuntsuagoa badela ondo demostratu denean, egin beharrik ez dagoen erraustegia eraikitzeko zor ilegitimo bat onartzera zoazte, kontratista pribatu handiei opari egiteko Gipuzkoako instituzioak eta herritarrak kaltetzera zoazte, erabaki kriminal bat onartuko duzue.
Ez nire izenean!