Animaliak, San Joanak eta Udal balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Koro Etxeberria Aranburu 2016ko uzt. 7a, 02:00

 

Herri baten kultura, animaliei ematen zaien tratuan ere, ikusten omen da. Izugarri poz­tu ninduen Gasteizen hiriko festetatik asto lasterketak ken­tzea erabaki zutenean, festa alternatiboaren aukera emanez. Hernanin oraindik asko falta zaigu horrelako sentsibilitatera iristeko. Hor dugu aurtengo programa: sokamuturra, pottokak eta zezen txikiak haurrentzat...
Portuko festak ere hor ditugu. Urtero asto lasterketak eta Gorriti bere animaliekin, ba­surde txikiak botatzen umeek harrapa ditzaten. Izugarria da ikuskizun hau! Eta galdeketaren bidez, ezin dugu hau konpondu, animalien eskubideak gainetik baitaude.
Baina zerbait mugitzen ha­sia da. Mila esker eta zorionak Askekintzari. Orain dela denbora gutxi, zuek egin duzuen protesta, ezinezkoa irudituko zitzaigun Hernanin. Datorren urtean gehiago izango gara!
Guk ondo pasatzeko, inoiz ez genuke animalirik erabili behar. Eta «gure festa dela» dio­tenei, adierazi nahi diet: esklaboak eta gladiadoreak ere izan zirela noizbait, baina XXI. mendean gaudela, enteratu ez badira ere.
Eta festei buruz Udal balorazioan, puntu garrantzitsua falta da. «Jai giroa, elkarbizitza eta errespetua izan dira nagusi», diote. Agian, balorazio horretan, bizilagunen iritzia falta da. Txosna eta barraketako inguruan bizi diren bizilagunena: Elkano, Ispizua, Tilos, Lizeaga, Larramendi, Oarso, Zahar Egoitza barne, eta abar. Galdeketa egin dezatela!
Txosnen ordutegia gehienetan ez dute errespetatu. Eta dezibelioak, zer esan? Udalak emandako baimenean ez bai­tzuen toperik jartzen. Horrek esan nahi du, nahi zuten po­tentzian jarri zezaketela musika, eta horrela izan da. Agian baimen hori ez zen oso legala, ikusi egin behar! Garbi dago, tope bat egon behar duela.
Agian, datorren urterako bizilagunen ordezkaritza batek parte hartu beharko luke, festetako programa osatzeko garaian, hauek denontzat izan daitezen, zenbait gauza kontutan hartzeko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!