Urtea bete da Astigarragako gobernua hartu genuenetik. Azken udal hauteskundeetan astigartarrek gugan jarri zuten konfiantza herria aldatu, hazi eta hobetu ahal izateko. Gure herriak EAJren alkatea du lehenengo aldiz eta azkar ulertu dugu aukera hau aprobetxatu behar dugula. Hortaz, lehen egunetik bete beharreko etxekolanak ezarri genituen.
Lehenengo zeregina: ez inposatu. Atez-atekotik gatoz. EH Bilduren gobernuak ez zuen kontuan izan astigartarrok erabaki egin nahi dugula. Balkoietako zabor poltsekin ez ikusiarena egin zuten eta baita sinadurekin ere. Guk mezua jaso, kontsulta hitzeman eta, agindu bezala, galdeketa egin genuen. Hurrengo hilabeteetan zehar edukiontziak ezarriko dira herrian. Hitza bete dugu.
Bigarren zeregina: entzun eta elkarlana sustatu. Ezker abertzaleak handikeriaz eta harropuzkeriaz iharduten du politikan. Esaterako, Udal aurrekontuari Astigarragarentzat onak diren proiektuak atxikitzen saiatu gara, nahiz eta horietako batzuk oposizioaren proposamenak izan diren. Gure harridurarako EH Bildurentzat lankidetza hori konpromiso falta omen da. EAJrentzat konpromisoa ez dator zarata gehiago egitetik, baizik eta hobeto entzutetik. Guk gure bideari jarraituko diogu: Astigarragarentzat ona dena, guretzat ere bai.
Hirugarren zeregina: Astigarraga dinamizatu. Azoka, Eternal Running edo txotx-busa (arrakasta biribila izan duena) eta abar. Proiektu ausartak izan dira, baina bizilagunen iritzia kontuan izan dugu beti. Gure filosofia da saiatzea. Etengabe.
Eta oraindik hasi besterik ez gara egin. Bidegorria Zarkumendegiraino eraman behar dugu eta kiroldegiko obra-lanak bukatu ere bai. Legealdi honetan Urumea Berriren loraldia ikusiko dugu Kontxa Etxeberria plazan eraikiko den Kulturetxe berriarekin. Lehen eguneko ilusioa daukagu. Zuen konfiantzari esker gure lanerako gogoak bizi-bizi dirau. Eskerrik asko astigartar guztioi.