Fresnesetik Euskal Herrira

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Errazkin Telleria, Fresneseko EPPK 2016ko eka. 12a, 02:00

Ugaitz Errazkin Telleria, Fresneseko Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

 

utun honen bidez Fresneseko euskal preso politikook maiatzeko hilabete honetan zuekin batera Itziar Moreno isolamendu egoeratik atera izanaren garaipen txiki baina zaporetsua partekatu nahiko genuke. Garaipen txikia, baina ez nolanahikoa, espetxe sistema anker honi irabazten diogun espazio orok laguntzen baitigu duintasunez aurrera egiten.

Hau guztia ezinezko zatekeen, ordea, Euskal Herriak, zuek, erakutsi duzuen konpromiso eta borrokarengatik izan ez balitz. Hamaika bide eta ekimen erabiliaz, duintasun eta borroka erakustaldi bikaina eman duzue. Zuen indar eta berotasuna ere zuzen zuzenean jaso genuen ahaztea zail egingo zaigun maiatzaren 28ko martxarekin. Ezker Abertzalea 'bere' presoez ahaztu dela eta bazterreratu dituela dioten guztiei muturreko galanta eman dio berriz ere gure herri borrokalariak. Une zailak bizi ditugu, baina bada indarra, bada gogoa eta bada zeregina eta horixe bera erakutsi duzue azken hilabete honetan. Errepresaliatu politikoen aldeko sugarra berpiztu duzue auzo eta herrietako txoko eta bazter guztietan. Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik bahiturik gauzkatenontzat ez dago herriak borrokan zutik darraiela ikustea baino gauza indartsuagorik, elkartasun adierazpen biziagorik. Omenaldirik onena garaipena den gisan, elkartasun adierazpenik indartsuena borroka bera baita.

Halere, eta une gozo hau dastatzeko aukera baztertu gabe, gogoan izan behar ditugu oraindik orain Arantza Zulueta kidea isolatua daukatela, beste hainbat bakartuta edo isolamendu modulutan, larriki gaixo dauden kideak, 70 urtetik gorakoak, bahiturik urte luzeak beteak dituztenak, Kolektibo osoaren dispertsio eta urruntzea.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi azken urteetan espetxeetako baldintzetan eman den gogortzea. Fleury, Villepinte, Sevilla adibide soil batzuk baino ez dira, baina aise argigarriak. Bahitu politiko gisa erabili nahi gaituzte, mendeku hutsetik harago, helburu politiko jakin batzuetarako nahi gaituzte. Askapen Mugimenduan ezinegona eta etsipena eragin, kontraesan artifizialak sortu eta zatiketa edo desafekzioa bilatzeko. Modu horretan, Euskal Herriak bere independentzia eta burujabetzarako bidea alboratzea erdietsi nahi dute, baina ez dute lortu eta ez diegu lortzen utziko.

Egoera hau gainditzeko, salbuespen legedia eraiste bidean euskal preso politikook gure konpromisoei eutsiko diegu, baina hauek ez dira, batzuk ulertarazi nahi duten moduan, umilazioa, bide pertsonal-indibidualak eta errendizioa, ez. Duintasuna, bide kolektiboa eta borroka baizik. Kolektiboaren indarra, kolektiboan bertan baitago eta hori izan da gaur arte horren sendo mantendu gaituena. Batasuna, elkartasuna eta herriarekiko lotura. Horiek aipatu ohi ditugu EPPKtik gure borrokaren oinarritzat eta hiru elementu hauek ederki islatuak geratu dira oraingo honetan ere.

Amaitzeko, hilabete honetan Euskal Herrian lanean gogor ikusi zaituztegun guztioi, aurrera egiteko indarra eman diguzuen guztioi, denoi, eskerrak eta besarkada bana bidaltzeko ere baliatzen ditugu hitzok, eta bereziki lehen lerroan ikusi zaituztegun Ernai, Sortu, LAB, Herri Mugimendu zein sindikatuetako militanteei, Osny, Île-de-Ré eta Meaux-eko kideei, Pariseko Euskal Herriarekiko sustengu taldearti, eta, nola ez, gure senideei. Oraingo honetan aurrerapauso bat eman dugu, eta bide bertatik jarraitu behar dugu, uneko egoera larrienei so eginez, baina helburu politikoa ahaztu gabe: Amnistiaren norabidean, errepresaliatu politiko eta sasitar guztiak, inortxo ere bazterrean utzi gabe, etxera, sorterria! Herri prozesu independentistan partaide izango  gara zuen alboan, borrokaldi honetan guztian zehar bezalaxe eta hortantxe lanean eta borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi dizuegu gaurkoan.

Amnistia eta Autodeterminazioa!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!