Azken asteetan Fresnesko espetxean suertatu den egoeraren aurrean, dakizuenez Tilosetan Ekartasun Gune bat sortu zuen herritar talde batek. Elkartasun Gune honetan aktiboki parte hartu dugun herritar batzuk hiru puntu plazaratu eta azpimarratu nahi genituzke.
Lehenik eta behin, gure esker ona adierazi nahi genizueke Gunera hurbildu zareten eta borrokan zeuden presoei zuen babesa adierazi diezuen herritar guztiei, jardueretan parte hartu dutenei (hitzaldiak, musika ekitaldiak, mahai inguruak...) eta berauek antolatu eta dinamizatu dituztenei, bai eta Hernaniko Udalari ere emandako erraztasunengatik. Zuek denei esker lortu da egunez egun Elkartasun Gunea herri mugimendu ireki, parte hartzaile eta herrikoia bihurtzea (ahal izan den neurrian). Argi geratu da beste behin salbuespenezko legediek ez daukatela tokirik Hernanin. Neurri hauekin amaitu beharra dago benetako bakea eta elkarbizitza posible izan daitezen. Zentzu horretan euskal preso politikoak kalera ateratzea eta iheslariak Euskal Herrira bueltatzea aldarrikatzen dugu.
Bestalde, Elkartasun Gunea bultzatu dugunok autokritika egin behar dugu. Egoeraren larritasunak bultzatuta, batzuetan ez dugu jakin izan borroka molde edota propaganda metodo egokiena erabiltzen, ez eta agian nahi genukeen bezain irekiak eta abegikorrak izaten. Hobetu beharreko aferak dira eta lanean jarraituko dugu hurrengo batean berriro jazo ez dadin saiatuz.
Azkenik, herritar oro deitu nahi genuke Hernanin dauden borroka desberdinetara lotzera; gaur egun bizi dugun egoera sozial, politiko eta ekonomikoa erabat jasangaitza da eta herritarrok erantzukizun bat daukagu. Paso egitea ez litzateke aukeren barruan sartu behar bestelako eredu sozial bat posible dela benetan sinesten dugunontzat. Bakoitzak ahal duen neurrian bere ekarpena eginez Hernani herri aktiboagoa eta borrokalariagoa izatea lor dezakegu. Sinetsi posible dela!