ANIZTASUNA ABERASTASUNA DA, ONGIETORRIAK. Hernaniko EH Bilduri interesgarria deritzo beste herrialde batzutatik datozen pertsonei buruzko gogoetak plazaratzea. Argi daukagu bizitza duinaren bila datozela; eta jakina da, batetik, beraien lanaren eta ordaintzen dituzten zergen bidez aberastasuna sortzen ari direla; baina, ezin dugu ahaztu, bestetik, Espainiako gobernuak atzerritarrei ezarritako legeak pobreziara eta giza bazterketara bideratzen dituztela.
Dena den, denak ez gara iritzi berekoak eta bizilagun berri horien aurkako mezuak zabaldu dira, beldurraren diskurtsoa mahai gaineratu du hainbat alderdi eskuindarrek eta beren ideologia barreiatzeko baliatu. Horren adierazlerik garbiena da RGIaren eta AGIaren inguruan izan duten diskurtso maltzurra eta interesatua. Alderdi politiko horiek beldurra erabiltzen dute etekin politikoa lortzeko eta, bide batez, denon eskubideak murrizteko.
Paulo Freire hezitzaile eta aditu brasildarrak zera esan zuen: “Inor ez da, besteen izatea debekatuz gero”. Gure proiektu politikoak ez du inor baztertzerik onartuko, besteak ere izatea du helburu. Politika inklusiboak burutu behar ditugu, zalantzarik gabe, aniztasun kulturala abagune izan dadin, eta inola ere ez dezan inork mehatxu moduan hartu. Beti ere, euskara ardatz, jendarte interkulturalaren alde gaude, nortasun eta ikuspegi berriek tokia izango duten espazioen alde. Aniztasuna aberastasuna da, Gora Euskal Herri anitza!