Mattin Aldaia Olasagasti - Hernaniko Ingurumen zinegotzia
Hondakinak etxean gaika sailkaturik atez ate biltzen hasi ginenetik sei urte igaro dira. Egin dugun bidea oparoa izan da: gure inguruetako birziklapen tasa onenetakoa dugu, eta Hernani, Euskal Herrian ez ezik, Europan ere eredugarria da; eta hori, denon ahaleginari esker lortu dugu.
Sei urte hauetan aurrerapauso handiak eman ditugu Hernanin: errefus gutxiago sortzen dugu, eta kontsumitzeko ohitura jasangarriagoak gureganatzen ari gara pixkanaka-pixkanaka.
Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek aurreratu dutenez, errauste plantak 1.200 milioi euroko kostua izango du eta, nola ez, herritarrok ordainduko dugu oso osorik tasa eta zergen bitartez. Horren aurrean hernaniarrok berriro aldarrikatuko dugu ez dugula erraustegirik behar, hondakinen %80tik gora birziklatzen dugulako eta alternatiba Zero Zaborrerako bidea delako.
Erraustegiak sustantzia toxikoak isurtzen ditu, osasunarentzako oso kaltegarriak; eta, ondorioz, handitu egingo da erraustegi baten ondoan bizi direnek minbizia garatzeko arriskua. Munduko hainbat mediku txostenek egiaztatu dute hori.
Horregatik, igandean, hilak 29, osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza katean parte hartzera gonbidatzen zaituztet. Hernaniarrok 11:30ean bilduko gara Donostiako Easo plazan.
Zuzentasunarengatik eta ardurarengatik: errausketarik ez, birziklatu bai.