Hartu trena

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Uzkudun Illarramendi, Hernaniko Sare 2016ko mai. 14a, 02:00

JOSE MARI UZKUDUN ILLARRAMENDIA, HERNANIKO SARE
Asteburu honetan ere, ohi bezala, 33.000km egitera behartuak daude hainbat hernaniar, be­raien senide eta lagunak berrogei minutuko bisita labur batean ikusi ahal izateko. Bataz beste ordu erdiko bidaia, bisita-minutu baten truke.
Astebururo egin beharreko kilometroen zamari hainbat pre­sok bizi duten muturreko egoera latza gaineratu behar zaio gainera; izan ere, Her­na­niko presoen artean bi ditugu gaixotasun larri eta sendaezinekin (denetara 10 euskal preso dira). Premiazkoa da lehenbailehen etxeratzea, behar duten tratamendua eta espetxeko bizi-baldintzak bateraezinak baitira.
Euskal presoei aplikatzen zaien espetxe-politikak, espainiar eta frantziar estatuen barne-legeria urratzeaz gain, nazioarteko oinarrizko araudiaren aurka egtien du. Era guztietako eskubide urraketak egunerokoak dira espetxeetan. Hortaz, salbuespeneko araudia berehala desaktibatzea beharrezkoa ikusten dugu, askatasunik ez dutenek bidezko tratu egokia jaso dezaten.
Asko gara egoera hau bidegabetzat jotzen dugunok, eta al­darrikapenetik ekintzetara jau­zi egiteko garaia dela uste dugu. Horregatik, giza eskubideen defentsatik hasita, denen artean errespetu eta bizikidetzan oinarritutako esparruak eratu nahi ditugu, nahiz eta guztion pentsaera berdina ez izan.
Helburu horrekin dabil Eus­kal Herrian zehar, Giza Esku­bideen Trena. Aniztasunetik abiatuz, adostausn guneak indartuz eta desadostasunak landuz, geldiezin bihurtu nahi dugu bagoiak herritarrez bete­tzen ibiliko den trena.
Urtarrilak 9an Bilbo eta Baionatik irten zen trena. Hurrengo geltokia asteburu honetan izango da Euskal Herriko txoko gehienetan, baita Hernanin ere.
Asteburuan kirolariak igoko dira trenera. Lehenengo bagoira bihar, eskalatzailek igoko dira. Pareten gainetik ekimena antolatu dute kaskoan zehar, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Bigarren bagoia, bihar baita ere, herriko pilotariek beteko du­te: 17:30etan Tilo­se­tan Barrene herrikoia antolatu du­te herritar guztien­tzat, eta ber­tan parte hartzera animatzen zai­tuztete.
Horiek asteburuko ekimenak. Horrez gain, gaixotasun la­rri­ak dituzten presoen egoeraz ar­duratuta, osasungintzan lanean ari diren hainbat lagun ere las­ter plazaratuko den ekimen bat lantzen ari direla jakinarazi nahi dizuegu.
Eremu gehiagotara zabalduz, eta taldeka edo norbanakoz osatutako bagoiak gehituz, geltokiz geltoki, konponbidera eta bakerantz eramango gaituen trena osatzera gonbida­tzen zaituztegu.
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!