Azken asteotan, itxuraz behintzat, kontrajarriak diren fracking-aren inguruko hainbat informazio heldu zaizkigu. Alde batetik, Espainiako Kongresuko gehiengoak Fracking-a debekatzearen alde bozkatu zuen duela aste gutxi. Bestetik, duela egun batzuk jakin dugu Espainiako Gobernuak Konstituzionalera bidali duela pasa den uztailean Fracking-a mugatzeko asmoarekin Eusko Jaurlaritzak onartutako legea, Frackingaren kontrako Herri Ekimen Legegilea oinarrian zuena, hain zuzen. Konstituzionalak helegitea tramitera onartzen ez duen bitartean legeak indarrean jarraitzen du. Baina salaketa onartuko balu, legea indargabetua geldituko litzateke epaia iritsi arte.
Gobernu eta alderdien asmo ilunak eta azpijokoak ulertzea zaila edo ezinezkoa izaten da maiz. Horietatik haratago, baina, zein da fracking-ari dagokionez egungo egoera legala EAEn? Zeintzuk dira horren aurrean Eusko Jaurlaritzak gaurdanik har ditzakeen jarrerak? Zer egin dezakegu edo egin behar dugu Fracking-a ez dutela egingo bermatzeko?
Herri Ekimen Legegilea egin genuenean jakin bagenekien horrekin ez genuela
fracking-aren mehatxua gure lurraldetik guztiz ezabatuko. Beraz, adi eta lanean jarraitu beharko genuela argi genuen. Eta orain da momentua.
Hurrengo maiatzaren 14an Azpeitian ospatuko dugun Fracking Ez Eguna. Goizean, bilera ireki eta informatiboa antolatu dugu, azkenengo mugimendu legal hauen berri emateko, eta horien aurrean zer egin dezakegun eta nola antola gaitezkeen eztabaidatzeko. Gaian interesa duzuen guztiok gonbidatuta zaudete egun horretan Azpeitiara gerturatzeko eta, bereziki, goizeko asanbladan parte hartzeko; 10:30etan gaztetxean.
Bertan ikusiko garelakoan, Francking Ez!