Maiatzean sei urte bete dira Hernanin hondakinak gaika sailkaturik atez ate biltzen hasi ginenetik. Orduan, hondakinen %76 nahastuta zihoan; gure hondakinen hiru laurdenak errefusa ziren.
Atez atekoarekin hasi ginen 2009an eta, egun, Hernaniko herrian sortzen diren 100 kilo hondakinetik 17 besterik ez dira errefusa. 76 kilotik 17ra, sei urtetan. 2015ean, hernaniar bakoitzak 53kg errefusa sortu genuen. Donostiar bakoitzak, ordea, 274 kilo. Hernanin, bost aldiz gutxiago.
Datu argigarriak eta pozgarriak, zalantzarik gabe. Eta zalantzarik gabea ere bada hori herritarren parte hartzeari eta esfortzuari esker lortu dugula. Hondakin gutxien sortzen duten herrien artean dago Hernani eta, Euskal Herrian ez ezik, Europan ere eredugarriak gara. Horrek gure herritarrez harro sentiarazten gaitu.
Sei urte hauetan aurrerapauso handiak eman ditugu: errefusa gutxiago sortzeaz gain, hondakinen gaiak lehen planoan egoteak kontsumitzeko moduaz jabetzen lagundu gaitu. Horri esker, ohitura aldaketak ari dira ikusten: enbalajeak urritu, behar baino gehiago ez erosi, kontsumo taldeen sorrera, berrerabilpen dendak eta azokak sortu eta indartu dira, gero eta herritar gehiagok egiten dute autokonposta eta auzokonposta…
Eta ezin dugu errauskailua ahaztu. Nazioarteko adituek egiaztatu dute osasunerako arriskutsuak direla. Minbizi tasak eta malformazioak areagotu dira errauskailuak dauden herrien biztanlerian. Horregatik, ez dugu errauskailurik nahi. Gainera, ez dugu errauskailurik behar.
Gipuzkoan egindako ibilbideak emaitza onak eman ditu. Hondakinak erretzea beste irtenbiderik ez dagoela esaten dutenei erakutsi diegu, baliabide egokiak jarrita eta herritarren esfortzuarekin, lor daitekeela. Hernanin lortu dugu. Eta beste herriek ere egin dezakete.
Mattin Aldaia Olasagasti