Mendiriz mendi
Adarra eta Mandoegi ingurura begiratu, eta bien artean nabarmentzen den gainetako bat da Azketa. Inguruko mendietan gertatzen den bezala, honen magalean ere pista ugari daude, konifera basoak ustiatzeko erabiltzen direnak. Ehiza postuen aztarnak ere aurkituko ditugu gandor osoan zehar; bi isurialdeen arteko muga ehiztariz beteta egoten da udazkenean.
Ibilbide ezaguna, inguruko askorentzat
Ibilbide hau ezaguna da inguru hauetako mendizaleentzat. Badira elkarteak edo lagun-taldeak, Hernanitik edo Besabi jatetxetik hasita, buelta hau urtero egiten dutenak. Askok ez dute jakingo ordea, ibilbide osoa aberatsa dela aztarna megalitikoei dagokienean. Bidean harrespilak, tumuluak eta trikuharriak ezagutzeko aukera dago; noski, beti ere horiek non dauden jakiteko atentzioa jartzen bada, eta bertatik igarotzerakoan geldiune txiki bat egiten bada.
«Ibilbidean 24 monumentu megalitiko baino gehiago ikusiko ditugu; eta batzuetan, tumulu edo harrespila bat baino gehiago daude»
Guk egingo dugun ibilbidean, bidean bertan edo bidetik oso gertu, 24 monumentu megalitiko daude; eta horietako batzuetan tumulu edo harrespila bat baino gehiago topatuko ditugu. Monumentu megalitiko horietako batzuk, Etenetakoa bezala, oso ezagunak dira, soro erdian kokatuta daudelako eta urrutitik ikus daitezkeelako. Beste batzuk ordea, basoan edo bide ertzean daude, eta ez direnez errazak identifikatzen, ohartu gabe igarotzen da askotan jendea albotik. Nahiz eta akaso askotan bertatik pasa izan, askok ez dakite hor daudenik ere. Horren adibidea da Otsolepoko trikuharria.
Ibilbideko monumentu megalitiko ikusgarriena Etenetakoa da. Bi harrespilez osatuta dago. Bietako batek, ikusgarrienak, 4,5 metro inguruko diametroa du eta 2 metroko altuera duen lekukoa du. Lur azpian dagoen zatiarekin, 3 metroko luzera du. Egitura guztia bertako hareharriekin egina dago. Aurkitu zenean, lekukoa lurrean zegoen, esparrutik kanpo. Aipatzekoa den beste monumentu megalitikoa Arano eta Goizueta arteko Errekalko lepoan dagoen harrespila multzoa da. Eremu nahiko txiki batean, 25 harrespila inguru daude. Horietako batzuk oso ongi kontserbatu dira eta oso ikusgarriak dira. Bertatik igarotzerakoan komeni da tartetxo bat hartzea eta horietako batzuk ondo aztertzea.
Nondik igo?
Xoxokatik errepideari jarraituz Besabira igoko gara. Bertatik Montefrio baserrira hurbildu eta Adarrako bidea hartuko dugu. Goiko errekara iristean, berau zeharkatu eta zuzen jarraitu beharko dugu. Basotik irteterakoan, Adarrara zuzenean daraman igoera gogorra ezkerrean utzi, eta mendia eskuin aldetik inguratuko dugu. Tarte honetan iturria dago. Bideari jarraituz Onddi eta Adarra artean dagoen Etenetako lepora igoko gara. Bertan aurkitzen da lehenengo monumentu megalitiko ikusgarria.
Aranoko bidea hartu eta Onddi bere ezkerretik inguratuz, Otsolepoko lepora iritsiko gara. Bidezidorrari jarraituz, Zaburuko gailur harritsua inguratuko dugu bere ezker aldetik; Azketa eta Zaburu arteko lepora iritsiko gara. Bertan bidea pista zabal eta eroso batean bihurtzen da.
Bidegurutze batera iristerakoan eskuinera hartu behar da. Hemendik aurrera Azketako azken maldei ekin behar diegu. Gailurrera igo eta paradatxo bat hartu ondoren, bidegurutze batera jaitsiko gara. Bertan ezkerrera egingo dugu eta Etzala gailurra bere eskuineko pistatik inguratuko dugu. Bideak Arano eta Leitzako bidegurutzera hurbilduko gaitu. Zuzen joanda, Leitzako norabidea hartzen da. Ezkerrera eginez Arano aldera jaisten hasten da.
Gu ezkerrera egin, eta pistari jarraituz, Leuneta mendiaren azpitik igaroko gara. Pagadi ikusgarri bat zeharkatu ondoren, Errekalkoko lepora iritsiko gara. Hemendik Aranora geratzen den tartea egiteko bi aukera daude. Lehena, errazena, pistari jarraitzea da. Biga-rrena, zertxobait aldapatsuagoa eta interesgarriagoa, Lakendi eta Ontzorroz gailurtxoak elkartzen dituen gandorretik egiten da. Gailurrak zeharkatzen ditugun heinean, hainbat harrespilaren aztarnak ikusteko aukera izango dugu. Bide hau Burdinburuko lepoan elkartzen da, berriro ere, pistarekin. Zertxobait aurrerago San Roke baselizaren albotik pasako gara, eta bideari jarraituz berehala gara ibilbidearen bukaeran: Arano herrian.
Datu interesgarriak:
- Luzera: 20 km.
- Denbora: 5 ordu.
- Desnibel metatua: 700m gorantz eta 400m beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
- Mendiriz Mendik maiatzaren 8an egingo du irteera hau.