PATZIKU PERURENA LOIARTE
Inor aipatzekotan Gaindegiko Luis Elizegi egin beharko nuke sail honetan, Goizuetako soinujolerik hoberena, oparoena eta ezagunena izan baita. Baina ez. Orri hau motzegi da harentzako. Lehenagokoak ekarri nahi dizkizut gogora gaurkoan. Martin eta Justo lujanbiotarrak, hain juxtu. Hara, hasteko Erreneko Pakok esana: «Nik zaidantza beti kordionakin izautu dut Goizutan. Juxto urte askon, ta anaia Martin Ukukoa berriz ora biño lenotik».
Bederatzitik lau, musikari
Martin huraxe zen Goizuetako jendeak oroitzen duen soinujolerik zaharrena, 1897an Kapelorrin jaioa, gero Mertxenen bizitua, eta azkenekotz Ukun. Han ezkondu, familia hazi eta hil baitzen.
Bederatzi senide horietatik, badakigu lau mutilak musikariak izan zirela gaztetan: Martin eta Justo akordeolari, eta Oxtakio eta Joxe Joan, batez ere, klarinete jole. Honatx hori frogatzen duen 1929ko aipamena, nik Goizuetako udal artxiboan aurkitu dudan bakarra: ‘Martin Lujambio y hermano 400 pts por amenizar el acordeon y clarinete los domingos y dias de precepto’.
Horrek esan nahi du Ukuko Martinek ongi jotzen zuela akordeoia, bestela herriak ez baitzuen izendatuko jaietan plazan jotzeko. Eta anaietako nor ote zuen klarinetea jotzen? Zalantzarik gabe, Joxe Joan, garai hartan klarinetea ez ezik, sasofoia ere arrunt ongi jotzen baitzuen. Baina kordionaren konpasera itzuliz, honatx Aizegaingo Pako Eskudero oiartzuarrak esandakoak: «Goizutara joan nitzanin, amairu urtekin, Juxton akordeoiakin asi niñun, baño kontrabandon bezela: jaietan, bazkal ondorin, Juxto andregaiana joate zanin, artu aren akordeoia ta antxe aballa! Anaia Martiñen akordeoia izate zin Juxtok, botoiakin, iru illadakua!».
Kordiona, eskuz esku
Haretxekin joko zuen Martinek herriko plazan jaietan, ihauterietan, ezkontzatan, artazuritzetan… Gaztetatik hasi eta gutxienez 1944an ezkondu zen arte. Gero anaia Justori utziko zion, eta honek saldu zuela dirudi anaia zaharraren soinu ttikia, berria erosteko. Honatx, berriz ere, Pako Aizegaingoaren hitzak: «Urte batzutan anaia Martiñen soñu ttikiyakin ibillita, gero berriya erosi zin Juxtok, pianokoa, tekladuna; ta gero Juxtok utzi zunin, nik erosi nin Juxton akordeoi ura».
Horrez gainera, Juxtoren seme zaharrenak, Miel Anjelek, esana dakit, ezkondu zenean emazte Jesusa Antsak aukera zorrotza jarri omen ziola: «edo kordiona, edo ni!», eta orduan erabaki omen zuela soinua uztea Juxtok. Alde aldera, esan liteke, beraz, 1948an utzi ziola soinu jotzeari Juxtok.
Baina, non bukatu ote zuen Ukuko Martinen akordeoi xahar hark? Eta nondik zuztarrendua ote zuen? Nik ez jakinki, baina pozik ikasiko nuke. Dena dela, esan liteke Martin Ukukoa dela gaur goizuetarrek ezagutzen duten akordeolaririk zaharrena, zer edo zer jotzen zuen Joan Batista Uitzi «Artantxu Xarra» kenduta. Azterlan honetan ez baitut Kaperoko Benardo behazmotza soinujoletzat jo, txistularitzat baizik. Honen iloba Domingok ere, egun Atharratzen bizi denak, jotzen omen zuen soinua polikitxo.
‘Kontrarronda’ deitzen zitzaion tabernak ixtean Ukura joateari.
Uku tabernan soinua jotzen
Etxean bertan ere askotan jo izandu omen zuen soinua Martinek, taberna izandua baitzen Uku garai batean, eta jendea biltzeko aitzaki ezin hobea izaki soinua. Hara Martinen anaia Juxtoren hitzak: «Ordun Ukun yotzen gunun kordiona. Iande arrasaldetan yendea paseon Ukura yoten baitzen; taberna izaten zen, ta an dantzan ibiltzetik. Ta an galazi ziuten denbon, itten gunun: Iberora yon ta Iberoko sarobeko artan yo soñua, Leitzakotik».
Horiek ‘baltsa’ oraindik debekatua zeneko kontuak. Beste gertaera polita ere bazuen Juxtok: «solfeoa ikasten asi apezakin, ta Don Joan bikariok galazi: gazte guzik pekatura eramatten ari nitzala-ta». Baina, Juxto baino azkoz lehenagotik, Martinek soinua jota Ukuko atarian dantzan aritzen zirelako kontuak etxean bertan ere aditu izandu dizkiet gurasoei askotan. Herriko taberna guziak ixtean, harako joera izaten baitzuen jendeak. Batek baino gehiagok esan baitit ‘kontrarronda’ deitzen ziotela martingala hari: herrian tabernak ixteko erronda pasatzean Ukura joateari, alegia. Eta ez dirudi gezur hutsa zenik, 1923ko udal akta honek dioena sinestera: ‘multitud de quejas sobre el retiro de la taberna establecida en el caserío de Ucue’.
Maisu ere bai
Periko Olajaundikoak esana dakit, aita Xixilio Zubirik ere Ukuko Martinekin ikasi omen zuela soinujotzen. Badirudi, beraz, garai batekoen maisu izana zela Martin. Herrian bertako eskola ‘xar’ haren ondorekoak, berriz, kanpoko maisu haundiekin ikasitakoak: Lorentxo ‘Kapotte’, Felix Alkaxarrekoa, Joamari Bekodendakoa, Luis Gaindegikoa, Felix Koxingoa, edo Xanti Olaizola gazteenetakoa, esan bailiteke, etxe berean hartu ziola erreleboa trikitixak kordionari, arreba Rosa Olaizolaren eskutik.
Ez daukat atzendua, eskola berriko nesken harrobia ere: Eli, Oihana, Marian… Beste batean agian?