XXI. mendean aurrera goaz, jendarteak sekulako bilakaera izan du eta sinesgaitza bezain onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza arriskuan jartzen dugu. Hori da egunero milaka langilek bizi duten errealitate gordina. Datuak hor daude, 2015ean 55 heriotza istripu izan ziren eta 2016an jada 7 langile hil dira istripu baten ondorioz Euskal Herrian. Kopuru hau gorantz doa.
Lanean gaixotu egiten garela ezkutatzen saiatzen dira; hain zuzen ere kalkulatzen da laneko gaixotasunen %83 ez dela aitortzen. Baina, amiantoa, silizea edo dena delakoaren ondorioz gaixotu nahiz hildako langileen zerrenda luzea da oso.
Bestalde, gihar eta hezurduraren lesioak, antsietatea, depresioa, infartuak, suizidioak, etab. gero eta gehiago gertatzen dira. Hauek, laneko estatistika ofizialetan azaldu ordez, gaixotasun arrunt moduan azaltzen dira gehienetan.
Errealitate horren arrazoiak ezagunak dira, prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak. Patronalak etekina soilik du helburu, langileon bizitza arriskuan jarri behar badu ere. Eta instituzioek, arduragabeak, dugun babes apurra (OSALAN...) murrizten dute.
LABek lan osasuna eskubidea izan dadin borrokatzen jarraituko du, horretarako egin dezakegun borrokarik hoberena prekarietatearen kontrako borroka indartzea dela ulertzen dugu eta horrekin baterea lantokietan prebentzio neurriak exijitzeko ekintza sindikala indartu.
Egoera honen aurrean mobilizazioan sakontzea dagokigu. Lan osasunaren nazioarteko eguna den apirilak 28an, maiatzak 1ean eta beharrezkoa den guztietan.
EskuBIDEAK aktiBATUZ langileok martxan.
Axel Aizpiolea Iradi, LAB sindikatua