Gogoan daukat oraindik Ezker Abertzaleak bere burua langileen interesen defendatzaile gisa aurkezten zuen garaia. Gaur egun bihurtu da, Hernanin behintzat, udal langileak kaleratu, hauei espedienteak ireki eta soldata eta lanbidea eteten dizkien horretan; gure ustez, justifikaziorik gabe, eta ikusiko dugu nola bukatzen den kontua...
EAJ-PNVtik ez genuen ulertu pasatako legegintzaldian izandako kaleratzea, eta ez zigun inork azaldu. Orain ez dugu ulertzen, eskatu ondoren Bilduk emandako dokumentazioa irakurri ondoren, beste langile bati soldata eta lana etetea, urtebetez. Eta ez dakigu zein izan diren beste langile bati espedientea irekitzeko arrazoiak, Bilduk ez baitigu azaldu. Non geratu da langileak bidegabe kaleratu eta hauei espedienteak irekitzen zizkieten enpresaburuak kritikatzen zituen Ezker Abertzale hura? Eslogan hutsean geratu dira. Bildu bihurtu da enpresari errepresiogile, oposizioari informaziorik ematen ez diona eta politika egiteko modu berria duena: ‘hemen egiten da nik esaten dudana’. Azken hau ezaguna egiten zait, eta ez dakit zergatik den: beste eskutitz batean idatzi dudalako edo iraganean bizi izan dudalako.
Bilduk kaleratzeak sahiestu nahi baditu, -hala ote den ez daukagu argi EAJ-PNVn- langileekin duen harremana aldatu beharko luke, beren funtzioak bete ditzaten beharrezko baliabideak eman, trebatu, haien iradokizunak entzun eta aginduak modu argi eta zuzenean eman, beti ere, legediaren barruan. Horrez gain, herritarrekin eta oposizioarekin gardenak izan beharko lukete, eta lan egin, herritar GUZTIEKIN eta GUZTIENTZAT.
Seguru gaude sindikatuek publikoki defendatuko dituztela udal langileak, nahiz eta Bilduk gobernatu, eta borroka egingo dutela haien eskubide eta betebeharrak defendatzeko, itxura guztien arabera justifikatu ezin daitekeen tratu txar hau sahiestuz.