Gizarte usteldu eta kutsatu honetan bizitzea tokatu zait. Urteak aurrera doaz baina, hala ere, ahalik eta «sanoen» bizi nahiko nuke. Nola? Hor dago koxka!
PNV-PSOEk bultzatzen omen dute sociedad del bienestar edo ongizate gizartea. Nik aldiz, bere modeloan, konpetitibitatea, konpetizioa, burruka, estresa, irabazle-galtzaile egoera kontinuoa, erosi, eduki, jabetza, dirutza, propiedadeak, gehiegizko kontsumoa, nik zuk baino gehiago, ni zu baino hobea, nirea zurea baino hobea, ni beti zure gainetik… ez dut besterik ikusten eta modelo horrek ez nau zoriontsu egin. Baina ontzat eman dugu eta gainera sinestu egin dugu, ume txiki batek gurasoek esaten dioten guztia sinesten duen bezala.
Atez-atekoa edo bosgarren edukiontzia galdeketa egitera behartuta zegoen PNV, aurreko legealdian inposizioa zela-eta ez zela indar mediatiko guztia horretan jarri eta ongi atera zitzaielako. Marketingean maisu dira eta makinaria guztia ondo olioztatuta martxan jarri zuten, benetan garrantzitsua zen errauskailuaren eztabaida estaltzeko asmoz. Baita lortu ere.
Honela, tonto-tonto, erori ginen bere jokuan, benetako inposizioa errauskailuarena denean, benetan guztion osasuna kaltetuko duena errauskailua denean, gure bizitza eta gure kumeena hipotekatuko duena errauskailua denean. Baina bere tranpan erori gara.
Pakean bizi nahi dut, lehenengoz neure buruarekin, horregatik, emaitza bat atera edo bestea, hurrengo egunean lo berdin-berdin egingo dut. Atez atekoa ateratzen bada, jendea kontzientzia eta ardura hartzen ari dela esan nahiko du, eta horrek poztuko nau. Bosgarren edukiontziaren aukera ateratzen bada, kontzientziazioan oraindik lan haundia egin beharra dagoela ulertuko dut. Astigarragako biztanleria gehienak oraindik heldutasun ekologikora iristeko tarte handia duela, alegia.
Nik Atez-Atekoaren aldeko apustua egiten dut, zergatik?
Emaitzak ezinhobeak izan direlako, sailkatzen ikasi dudalako, nire osasunaren arduradun izan nahi dudalako, eroso egin zaidalako, inongo politikok nire bizitzarekin jolasteko eskubiderik ez daukalako...
PNV, izan zaitez behingoz garbia eta onar ezazu atez-atekoa utzi eta bosgarren edukiontzia jarri duten herrietan emaitzak nabarmen okertu direla. Akatsak egiten ditugunean, onartzeak eta zuzentzeak egiten gaitu jakintsu eta gure barrua lasaitzen du
Zorione, Santos, galdeketa hau denborapasa hutsa da, kontuxarrak, esango luke nire amona zenak. ERRAUSKAILUAREN GALDEKETA NAHI DUT!!! INPOSIZIORIK EZ!!! ETA TXORAKERI GUTXIAGO GURE OSASUNAREKIN!!!