Apirilaren 17an preso politikoen nazioarteko eguna izango da, gatazka politikoen ondorioz espetxea mundu osoan pairatzen dutenen omenez antolatua, eta euskal presoen izaera guztiz politikoa da. Hau ukaezina da. Borroka politikoak euskal borrokalariak espetxera eraman zituen, Euskal Herrian dagoen gatazka politikoaren ondorioz. Borroka honek oinarri politikoa du.
Apirilaren 17an Bilbon manifestazio nazionala burutuko da eta eguerdiko 12etan La Casillatik abiatuko da. Euskal preso eta iheslari guztiak etxeratzeko ekimen oro beharrezkoa da, baita legearen bidetik izan daitezkeen aukerak ere.
Euskal preso eta iheslariak gure artean lehenbailehen nahi ditugu, beraien indar, lan eta ekarpenaren beharra dugulako, Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko borrokan gurekin batera jarduteko.
Luzaroan euskal presoek salbuespen egoera pairatu dute, baina egoera hori ez da oraindik desagertu. Gaur egun ere, euskal gatazka politikoaren ondorioz, euskal presoek salbuespen neurri gogorrak pairatzen dituzte, eta beraien eskubideak bazterrean gelditzen dira.
Euskal borrokalarien aurkako mendekua nahi zuten eta legea oztopoa zen. Hau onartezina da. Salbuespen neurri bereziak indargabetzeko garaia da eta euskal presoen legezko eskubideak indarrean jarri behar dira. Legea ezin da botere politikoaren esanetara makurtu. Legea ezin da ulertu gerlaren jarduera itsuan murgildurik. Legea betetzea euskal preso eta iheslarien eskubidea da. Hortaz, legea bete dezatela. Legea beraiek sortu zuten eta salbuespen neurri gisa erabili gabe bete egin behar dute. Euskal Herriko gatazka politikoaren atal luze, gogor eta mingarriena ixteko justizia transizionala beharko litzateke gurean.
Beraz, euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko eta Euskal Herriko seme-alaba kuttunak diren horiek etxeratzeko, Bilbora joateko deia luzatzen diegu hernaniarrei.
Anjel Pikabea Ugalde, Araitz Zubimendi Izaga, Iraitz Santa Kruz Ugalde, Juanpe Plaza Lujanbio eta Ekhi Oñate Arrozpide