Mikel Goenaga joan zaigu, Astigarragako parrokoa, auzi galduen defendatzailea.
Apaiz konprometitua zen Mikel, gehien sufritzen dutenekin, presoekin, drogomenpekotasuna dutenekin, etxe gabekoekin eta mota guztietako behartsuekin. Mikelek hartu zuen ardura, Ergobiako kanpamentuko etorkin errumaniarrek osasun baldintza minimoak izan zitzaten. Agintariekin borrka egin zuen handik bota ez zitzaten, eta etxebizitzak bilatu zizkien, ahal izan zuen bezain laster.
Mikel ez zen izan apaiz erosoa; hala izan behar zuenik ere ez zuen uste. Bere eginbeharra zen behartsuak defendatzea, etxerik gabeko etorkinak laguntzea, bazterretan biktima errugabeak uzten dituen kontsumo gizarte honetako pariak. Hori zen Mikelen terrenoa, hori zen bere bizitzako misioa. Berdin zuen zein zen bere ‘babestuen’ jatorria edo egoera legala. Ez zuen bereizketarik egiten; denak ziren bere seme-alabak.
Mikel erradikala zen, gauza guztien sustraietara jotzen baitzuen. Zuzena, soila, ezinbestekoa zen; itxurakeriarik gabea. Mikelek jende asko gogaitzen zuen, boteretsuak beti, sekula ez jende umila. Eta nik galdetzen dut: ez al zen izan Jesus Nazaretekoa sekula izan den profeta politikoki desegokiena? Mikel zen Quijote euskalduna, Unamunoren Martir eta Manuel Buenoren haragi-hezurreko bertsioa. Mikel zen egia, egia deserosoa, akziozko apaiza, abila eta akatsduna, baina batez ere, inoiz ezagutu dudan pertsona humanoena. Sufritzen zuen inor ez zitzaion arrotza. Hil baino ordu batzuk lehenago, egoeraren jakitun, eskutik heldu zidan tinko, eta esan zidan: ‘ez daukat kexatzeko motiborik’. Guk ere ez, Mikel. A zer zortea zu ezagutu izana. Agur, Mikel. Agur, lagun!