Koro Etxeberria Aranburuk eta Mikel Gurutzeaga Zubillagak eskutitz bana idatzi dute azken asteetan, biek ere Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioei arreta jarrita, bi ikusmolde edo begirada azalduaz.
Herritarrengan gaiak sortzen duen kezka eta ardura ikusirik, Hernaniko Sortuk, gaiaren inguruan duen jarrera azaltzeko beharra ikusten du. Izan ere, denok jabetu baikara aurrera begiratu nahi badugu ezinbestekoa dela iraganaren irakurketa osatu bat egitea.
Lehendabizi adierazi nahi dugu, joan den urteko apirilean EH Bilduk Donostian aurkeztu zuen Bakerako Euskal Bidea izeneko dokumentua oinarritzat hartzen dugula bide hau egiteko, zeinaren arabera lau adar dituen: Biktimak eta memoria, Presoak eta iheslariak, armagabetzea eta desmilitarizazioa.
Txosten honen arabera, biktima guztiek, erasotzailea edozein dutela ere, eskubide berberak dituzte aitortza eta erreparaziorako, horretarako, giza eskubideen urraketa oro biltzeko borondatea erakutsiz. Honekin batera, jasandako sufrimendu ezberdinak partekatzeko guneak sortzeko premia nabarmentzen du, zauriek ixteko eta etorkizunean gertatutakoa errepika ez dadin. Azkenik, memoria kolektiboa, askotarikoa eta integratzaileaz jarduten du, orain arte biktimak desberdintzeko ahaleginaren aurrean ikuspegi kritikoa sustatuz eta egindako min guztia onartzeko ariketak errazteko.
Hemen azaldu diren ideia hauek dira Hernaniko Sortuk bultzatuko dituenak Gatazka Politikoaren Memoria dela eta, 2015eko azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean adierazi zen bezala.