Tomas Elortza Ugarte
AMHER Hernaniko Elkarte Multikulturalaren izenean
Baztertutako pertsonen eskubideen aldeko eta diskriminazioaren kontrako borrokak galera handi bat izan du. Mikel Goenaga hil da, Astigarragako parrokoa eta azken urteetan, besteak beste, herrian bizitzen jarri ziren errumaniarren eskubideen eta asistentziaren alde lan handia egin zuena.
Mikel apaiza bezala ezaguna, bere berezitasuna izan zen gizarteak eta erakundeek bizkar eman eta baztertutakoei babesa eta laguntza ematea, nahiz eta horrek erakunde eta agintarien aurka egin beharra ekarri, horien artean bera partaide zen Elizaren aurka.
Bere konpromezu sozialaren erakusgarri izan dira, besteak beste, bere egonaldia Andoainen, non drogomenpekotasunean edota bazterketa arrisku handian zeuden pertsonekin inplikatu zen; Kartzelako Pastoralarekin izan zuen lotura eta partaidetza, eta errumaniar etorkinekin Astigarragan egin zuen neurrigabeko lana.
AHMER bezala, ezin dugu ahaztu Mikelek egin zuen ahalegina hernaniarrok gure ardura har genezan Hernani partean bizitzen jarritako errumaniar taldeari buruz. Ez zen gelditu lortu zuen arte.
Ondotik ezagutu dugunok ez dugu ahaztuko bere gertuko tratua eta bere maitasuna baliabiderik gabeko pertsonekiko. Gertutasuna, besarkada edo broma batetik kritika gogor batera joan zitekeena: beti laguntzen eta beti zirikatzen.
Gizarte justuago batean sinistu eta haren alde lan egiten dugunok kolpe handia hartu dugu Mikelek behar baino lehenago alde egin digulako. Pertsona handi bat galdu dugu, pertsonen duintasunaren eta justizia sozialaren defendatzaile bat, baina haren ikuspegi kritiko eta konpromezuarekin jarraituko dugu.
Mikel, betirako gure gogoan.
Tomas Elortza Ugarte
AMHER Hernaniko Elkarte Multikulturalaren izenean