PSE-EEk kaleen garbitasun falta salatu du. Gobernu taldeak onartzen du zerbitzu horrek hutsuneak izan bazituela, baina PSE-EEk ez du aipatzen azken hilabetetan Udala esfortzu berezia egiten ari dela zerbitzua hobetzeko.
Azkenaldian, plaza eta kaleetako ohiko garbiketaz gain, garbiketa sakonak ere egin ditugu, besteak beste, Atzietan, tren geltokirako jaitsieran, Kaxkoan, Biteri plazan, baita irristagarri zeuden zenbait espaloietan ere. Zer egina badago, baina pausoak eman ditugu.
Urteetako krisialdiak eragin zuzena izan du udal aurrekontuetan eta horrek kale garbiketa zerbitzuan ere eragin du. Horrek, seguruenik, zenbait hutsune sortu ditu.
Garbiketa garrantzitsua da herritarrentzat, eta Gobernu taldea sentipen horrekin bat dator. 2017an bukatuko da Udalak garbiketa enpresarekin duen kontratua. Denbora tarte horretan, Udalak zerbitzua aztertuko du. Bitartean, Udal gobernuak maiatzean aukera du egun indarrean dagoen kontratua berrikusteko eta enpresari hobekuntza batzuk eskatu dizkiogu: adibidez, udako oporretan langileak ordezkatzea, orain ez bezala; San Joan jaietan orain arte Kaxkoan egiten zuten garbiketa berezia erdigunera ere zabaltzea (Lizeaga kalea, Izpizua, Urbieta osoa,…); auzoetako garbiketa areagotzea; udazkenean, hostoak pilatzen direnean, ubideak garbi mantentzea; garbiketa bereziak, beharrezkoak direnean, herriko beste lekuetara hedatzea.
2016ko aurrekontuan garbiketa zerbitzua hobetzeko 50.000 euroko partida aurreikusi du Udal taldeak. Nahikoa izango ez balitz, apirilean aurrekontuetan egiten diren egokitzapenetan partida handitzeko aukera izango dugu.
Kaleak, plazak, parkeak eta auzoak herri baten ispilu dira eta horiek txukun eta garbi mantentzea herritar guztion eginkizuna da. Udalak dagokion ardura hartuko du.