Auñamendi, Pirinioen sorburu

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi 2016ko mar. 5a, 01:00

Mendiriz mendi
Biarne, Huesca eta Nafarroaren arteko mugan da­go Anie (2.504m) edo Auña­men­di mendia. Mendiriz Men­dik orain urte batzuk egindako irteera errepikatzeko asmoa dauka martxoaren 12 eta 13an, Lescun herritik  abiatuta, Fran­tziako ibilbidean barrena.

Antzinako euskaldunen mendi magikoa
Nahiz eta gaur egun Nafarroa eta Zuberoako mugetatik at gelditzen den erabat, jende askorentzat hauxe da Euskal Herriko mendirik altuena. Auñamendi (frantsesez Anie) Biarne, Huesca eta Nafa­rro­a­ren arteko mugan dago. Au­ñamendiren punta, oso osorik, Biarneko mugen barnean geratzen da, nahiz eta hegoaldeko bidearen zati haundi bat euskal lurretatik igaro. Hala ere, orain dela ez gehiegi, Nafarroako erreinukoa izan zen, Napole­o­nek bereganatu zuen arte leku estrategiko garrantzitsua bai­tzen. Antzi­nako euskaldunek uste zuten mendi hau magikoa zela, Pirinio guztien sorburua zela. Bertan Jaungorri pertsonaje mitologikoa ere bizi zela uste zuten.

Larrako karstea, labirintoa
Mendi honen zailtasun edo arriskua ez dago igoeran edo iraupenean, gailurra ingura­tzen duen Larrako karstean baizik. Oso ibilbide nahasia da, gora-behera askorekin, eta lainoa sartzen denean labirinto amaigabe batean bihurtzen da. Izan da orduak eta orduak galduta ibili den jendea. Neguan ere, elur geruza mehea bada, kontuz ibili beharra dago elurrak tapa­tzen dituenean zulo horietako batean erortzeko arriskua baitago. Hala ere elur asko denean igoera errazagoa da.
Biderik erabilienak bi dira. Hegoaldetik, San Martin harritik, abiatzen dena 5 ordu inguruan egiten da eta ongi markatuta dago. Ipar aldetik erabiliena Lescun herritik edota Laberouat aterpetik abiatzen dena da. Hori da guk egingo duguna. Leku batetik zein bestetik igo, bietan kontuz ibili behar da, lainoarekin terrenoa kaotikoa baita. Gailur inguruko karstean iparrorratzak gu­txirako balioko digu. Kasu horietan hobe da gaur egun hain erabiliak diren GPSak eramatea. Hala ere, onartu behar da Lescunetik abiatzen den bideak galtzeko aukera gutxiago eskaintzen duela.
Gailurretik panoramika itzela da. Aiako harritik hasita Anetora arteko mendiak ikusteko aukera dago.

Orain dela ez gehiegi, Auñamendiren punta Nafarroako erreinukoa izan zen, Napoleonek bereganatu zuen arte leku estrategiko garrantzitsua baitzen.

Aterpetik, txaboletara
Aterpetik irten eta HRP-Pic d´Anie kartelak adierazten duen bidea hartu behar da. Berehala bidea bitan banatzen da. Be­he­koa, ezkerrekoa, hartu behar da. Basoan sartu eta marka gorri-zuriak jarraituz guztiz zeharkatu behar da. Hori egiterakoan aran sakon batera irtengo gara. Eskui­nean, zertxobait gorago, Ar­dine­teko txabola dago.
Aran ondotik jarraitu eta Cabane du Cap de la Baitch txabolara iritsiko gara. Bertan iturria dago. Udaran txabola honetan artzaina bizi da eta behiak, txerriak, oiloak eta astoak izaten ditu. Udaran mendira igo­tzen direnei gazta saltzen die. Zuzen jarraituko dugu bailara ixten den arte. Momentu horretan ezkerrera egin behar da, hego-mendebaldera.

Malda gora, gailurren ondotik
Honaino igoera nahiko apala da. Hemendik aurrera malda go­gortu egiten da. Bideari ja­rraituz Anies lepora iritsiko ga­ra. Gure eskuinean Sou­mcouy gai­lurreko hormak ikusiko di­tu­gu. Zertxobait aurrerago zati lau batera iritsiko gara. Ber­ta­tik Anieko gailurra ikus daiteke. Aurrera eta berehala ezkerrera egin behar da. Egurrezko guru­tze bat eskuinean utziz, Anie oinarriaren ez­ker aldera jo eta malda gogorretik, zuzen, igo­tzen hasi be­har da. Elur gogorrarekin de­rri­gorrezkoak izaten dira zati honetan kranpoiak eta pioleta. Gailu­rrera eramaten duen ertzera irtengo gara. Eskuinera egin eta malda gehiago duten tarte txiki ba­tzuk gainditu ondoren gailurrean izango gara.
Indarrak berritu eta paisaiaz gozatzeko tartea hartu on­doren, itzulerari ekingo zaio. Jaitsiera igoera egin den toki beretik egingo da.

Datu interesgarriak:
-Luzera: 18 km.
-Denbora: 7 ordu.
-Desnibel metatua: 1.300m  gorantz eta beherantz.
-Zailtasuna: ertaina. Elu­rre­tan neguko materialarekin ibil­tzera ohituta egon behar da.
-Beharrezko materiala: Kranpoiak eta pioleta derrigorrezkoak dira. Horrez gain, neguko materiala (bota on batzuk, eskularruak...).
-Mendiriz Mendik martxoaren 12-13an egingo du irteera hau.
-Nola iritsi: A-63 autopistatik Baionara hurbildu eta Pau hirira doan A-64 autopista hartu. Zazpigarren irteeran irten eta  D430 (Salies de Bear), D933 (Sauveterre de Bearn), D936 (Oloron Sainte Marie) eta N134 errepideei jarraitu Lescun herriraino. Hau zeharkatu eta Laberouat seinaleei jarraituz aterpera hurbildu  behar da. Errepide estua 5 km-tan jarraitu aterperaino. Elurra bada, errepidea moztuta egon daiteke eta Lescunetik oinez igo behar da.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!