Kriseilusioak, behetik gora!

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gorrotxategi Zigaran Mariaje Simon Ruben Diaz Ferm 2016ko mar. 4a, 01:00

Eguraldia lagun, gaur ilunabarrean, hernaniarrok  hitzordu berri bat daukagu Herna­niko ‘Gure esku dago’-k antolatu duen Kriseilu ekitaldiarekin.
Beste behin ere, gizabanako eta gizataldeen arteko aleazio bitxia garenez gero, banaka hurbilduko gara Zinkoenera.
Oraingo honetan ere, gure eskuetatik abiatuko den kriseiluak garraiatuko du gure de­sira/ametsa gau ilunetik haratago etorkizunaren egunsentiarantz. Bere igoeran bat egingo du beste kriseilu askorekin bakoitzari atxikita doazen begiradak hurbilduz, elkartuz, bateratuz. Minutu hunkigarri horiek ahalbidetuko dute norbanako begirada xumea guztion artean osatutako begirada orokorraren baitan integra­tzea. Minutu hunkigarri horietan amets kolektibotik sorturiko elkar energiaren zirrara ezagutuko dugu. ‘Banaka’ eta ‘elkar’ giza arloen arteko ko­munikazio ixila bizipen eder bezain ahaztezin gisa barneratzen da memoria personal eta kolektiboan: hura, zu eta ni, gu eginik.
Adibide sinbolikotzat harturik, aipatutako begirada ba­teratu horrek adierazten digu partekatze eta partaidetzaren  bultzada paregabea urte luzeetan menderatzen gaituen bizi moldearen eraginez sa­kon­ki  barneratu ditugun pasibotasun eta indibidualismo joerak alboratzeko. Eta, baita ere, amankomunean ditugun erron­kei elkarren arteko babesaz aurre egiteko.
Demokrazian, zer indar­tsuago –orain eta gero, auzoan zein lurralde osoan- erabaki­tzeko  eskubidearen alde dagoen herria baino? Demo­kra­zi­an, herritarren esku dagoenari eusteko ba ote erabakia beste eskuetan ez uztea baino berme sendoagorik?
Txerta ditzagun gure ame­tsak errealitatean, lokartu ga­be, begiak zabalik, eskuak za­ba­lik, burujabe. Behin esku­ak lotu genituen. Orain saiatuko gara gure ametsak gehitzen. Gu na­gusi hori eraikitzen du­gun heinean argituko zaigu gure erabakia aro berri baten atariraino eramango gaituen bidea.
Lluis Llach-ek betirako kan­tatu zuen bere Venim del nord, venim del sud abestian: «I caminem per poder ser; i volem ser per caminar».
Goazen herrikide, ibiltari hori. Geroak badu etorkizunik.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!