Teruelen

Erabiltzailearen aurpegia Javier Zubimendi Beitia 2016ko ots. 29a, 01:00

JAVIER ZUBIMENDI BEITIA

Joan den larunbatean Her­na­­nitik bi autobus eta Andoain­dik hirugarren bat abiatu ginen Teruelerantz. Bertako espetxea, sakonean patio bat duen krater baten modukoa da. Hala, bertaraturiko ehun eta berrogei eta hamar lagunak goiko aldean kokatu ginen, handik behera patiora begira.
Haizeak ikurrinak eta banderolak mugi arazten zituen bitartean «aupa Axi, aupa Axi» oihukatzen genuen, eta ez genuen gehiegi itxoin behar izan Axi, Teruelgo euskal preso bakarra, patiora ateratzen ikusi genuen arte. Ikurrina zeraman eskuan eta preso sozial talde handi batekin batera agertu zen. Momentu hartan Axiren aldeko garrasiak areagotu egin ziren eta atseden hartu genuenean bere ahotsa entzun genuen: «Aupa zuek!»
Hunkituta, «aupa Axi, aupa Axi» erantzun genuen eta orduan kartzelatan ez ohikoa den zerbait gertatu zen: Asie­rren inguruko preso guztiak «aupa zuek» oihukatzen hasi ziren dantzara gonbidatzen zuen kadentzia bat eginez. Denbora tarte batez batzuk «aupa Axi» eta beste batzuk «aupa zuek» aritu ginen.
Isiltasuna nagusitu zenean krater sakonetik ahots ozen bat atera zen «Vivan los vascos» oihukatuz, eta guk, ume ginela behartzen zigutenetik  vivarik oihukatzen ez bagenuen ere, erabat hunkituta «Viva tú» oihukatu genuen.
Ondoren autobusera itzuli eta Asier han utzi genuen, gu bezain hunkituta seguraski.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!