Denis Itxaso Sanmarkoko lehendakari zenean -egun diputatu nagusiordea- Mankomunitateak ezarri zuen sistema erabat bidegabea zen. Horren ondorioz, Mankomunitatea osatzen dugun udal guztiok proportzionalki ordaindu behar izan ditugu zerbitzuak, kontuan hartu gabe batzuek zabor gehiago sortzen dutela edo zerbitzu gehiago jasotzen dutela.
Atez ateko bilketa sistema genuen udalok -Hernani, Oiartzun, Usurbil, Lezo eta Astigarraga-, herritarren laguntzari esker, askoz gehiago eta hobeto birziklatzen dugu baita, ondorioz, errefusa askoz ere gutxiago sortu ere.
Hala ere, EAJk eta PSEk, atez ateko sistemaren emaitzak hobeak direla begibistakoa izan arren, sistema horren aurkako borrokan itsuki jarraitzen dute. Eta haien alderdien interesen ondorioz, milaka herritarrek birziklatzeko egiten duten ahalegina gutxietsi eta ekonomikoki zigortzen dute.
Eztabaida auzitegiek itxiko zutela zioen Denis Itxasok. Orain, justiziak EH Bilduko kideek defendatzen genuenaren alde egin du. Baina Denis Itxasoren oinordekoek epaiari entzungor egin diote eta aurtengo aurrekontuek ere ez dituzte kontuan hartzen herri bakoitzak jasotzen dituen zerbitzuak. Horrek ondorio zuzena du: Hernani, Oiartzun, Usurbil, Lezo eta Astigarragako herritarrok Donostia, Orereta, Pasaia, Urnieta eta Lasarte-Oriako herritarren hondakinen bilketa ordaintzen jarraitu beharko dugula.
Euskadiko Auzitegi Nagusiaren bi epaiak eta Sanmarko Mankomunitatearen estatutuak jasotako zerbitzuen arabera ordaintzearen aldekoak dira. Zergatik, orduan, hobeto birziklatu eta zabor gutxiago sortzeko esfortzua egiten duten herritarrak zigortzen jarraitu?
Gure ustez, EAJ eta PSE lotsarik gabe lapurretan ari dira, herritarren poltsikoa ustiatzen ari dira Zubietan egin nahi duten errauste planta faraoniko eta zentzugabe hori finantzatzeko.