Ziegan sartu berria, barruak eta eskuak dardarka oraindik, paper zuriaren aurrean eseri naiz nola-ahala zuei guztiei esker ona helarazteko asmoz.
Nekez azal dezaket hitzokin Teruelgo espetxe honen atariraino etorri zareten guztiek eragin didazuen zirrara, eman didazuen indarra eta azaldu duzuen gertutasuna.
Bizi bizirik iraungo du luzaro zulo honetan hormen bestaldetik zuek bidali duzuen burrunbak, zuen oihu, keinu eta kantuek harresi eta barroteak pitzatu baitituzte gehixeago.
Eztarrian korapiloa nabari dut oraindik eta hunkituta gabiltza une eder hau patiotik bizitzerik izan dugunok. Agerikoa da gure Herri honek bere ametsak bururaino eramateko nahikoa grina eta indarra badituela. Horixe erakutsi duzue gaur ere Aragoiko bazter honetan.
Milesker bada, zuei guztiei, hesi guztien azpitik eta horma guztien gainetik elkartasun irrintzia Terueleraino ekarri izanagatik eta, aurrerantzean ere, nork geurean, baina lema berean, bat egingo dugulakoan, besarkada estu bana eta muxua.
Euskal Herria eta Askatasuna bihotzean.
Asier Ormazabal Lizeaga
Teruelen, 2016ko
otsailaren 20an