Hernaniko Gure Esku Dago herri dinamikak badauka, epe laburrean, hainbat ekimen gauzatzeko xedea: kriseiluen festa martxoaren 4an, herri kontsulta abian jartzeko batzorde sustatzailea osatzea, herri antzerkia maiatzaren 21ean...
Orain artekoetan jendearen erantzuna txalogarria izan bada ere, nago, azken aldi honetan ordea, neguan lurraren antzean aski lokarturik gaudela. Urtaro honek, alabaina, jada handienak eman ditu eta egun ilunak ikus ditzakegun arren, indarberrituz eta ilusioz gainezka geureari lotu behar gatzaizkio.
Gure Esku Dagok, egun, laguntzaile-kolaboratzaile sare zabala lortzea ezinbestekotzat jotzen du. Premia larrian izaki!
Erabakitzeko eskubidea, herri kontsulta... lagunen artean solasgai beharko lukete izan: presoen egoera, iheslariena, inposatu nahi diguten erraustegia, emakumeenganako indarkeria... (beste hainbat bezala!). Ez dut uste behar adina mintzatzen garenik. Kontua da, hain garrantzitsu diren gai hauen guztien konponbideak agintarien esku uzten ditugula... Herritarron ordezkari baitira! Alabaina, etsenplu ugari (gehiegi!) dugu, orokorrean, politikoengan ez sinesteko.
Jakin badakigu, zernahi aldaketa herritarron eskutik letorkigukeela, behetik goiti (ez alderantziz) sentsibilitate ezberdinekoek auzolanean saiatuz, mugimendu ahal den anitzena abian jarriz.
Ibilbide luzea eta malkartsua izanen dela ez ahaztu, baina gogoan hartu, halaber, ez dugula zertan Arkadia bat erdietsi.
Bukatzeko, Artzuten hitzak datozkit gogora:
Dakienak daki,
Ez dakienak baleki,
Orduan bai ederki