Hezkuntzaz ari garenean, zu zara zutabe nagusia, eragilerik garrantzitsuena. Hau ahaztu egiten da batzuetan, hezkuntza ikastetxeei dagokiela pentsatuz. Ama, aita edo harrera gurasoa bazara, egunero duzu beste pertsona baten ongizatearen eta garapenaren ardura. Gazte horrentzat, zu zara oinarrizko erreferentzia.
Ikastetxea gero dator. Bertan ikasten dute gazteek hurkoen artean harremanak garatzen; norbere etxeko ohiturak eta besteenak ezberdinak izan arren, elkarbizitzarako zubiak eraikitzen. Ikastetxeek eskertzen dizuete, etxeko altxorrik preziatuena duzuen hori bertako ikasle izan dadin erabaki izana.
Guk ere, eskertu nahi dizugu eguneroko zure ahalegina, konfiantza eta eskuzabaltasuna. Eskerrik asko! Arremanitz kooperatiba gara gu. Urtez urte, Harremonak egitasmoa garatu dugu, Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik. Bakoitza eta besteak garen bezala onartzetik, guztion bizimoduak errazagoak eta atseginagoak izatea nahi dugu.
Bide horretan, Tratu Onen sarea ehuntzen goaz, Hernaniko hezkuntza komunitatea osatzen dugun eragileekin. Zu ere eragile garrantzitsua zarela uste dugu. Horregatik, hitzordu batetara gonbidatu nahi zaitugu. Bertan, nerabeak eta komunikazioari buruz arituko gara. Beste gurasoekin esperientziak eta baliabideak partekatzeko modua izango duzu. Zure nahiak eta beharrak zein diren ezagutu nahi ditugu; eta ondo merezita dituzunak eskaini: esker ona, arreta, adorea eta laguntzeko prestutasuna.
Saioa: otsailak 24, asteazkena, 17:30tatik 19:30tara, Plaza Feministan (aristizabal 7).
Izena emateko edo zalantzak argitzeko: ibon.adm@ arremanitz.eus edo 625035720.
Laster elkar ikusiko dugulakoan, jaso agurrik beroena.