Ofentsiba neoliberalak, botere ekonomikoaren menpe dauden gobernuen laguntzaz, egunez egun pobretzen gaitu. Krisiaren aitzakiapean egindako egiturazko erreformek sistema kapitalistaren aurpegirik gordinena erakusten dute, pobre eta aberatsen arteko amildegia handituz, prekarietatea behin betikotuz. Eta ez, langile emakumeok, migranteok, transok, presook, dibertsitate funtzionala dugunok ez gaude irabazleen bandoan.
Baserritarrak, etxeko langileak, garbitzaileak, kanporatuak, pentsionistak, langabetuak, zaintzaileak, sexu langileak...gara emakume langileak. Gazteak, helduak, euskaldunak, etorkinak gara Euskal Herrian bizi garen emakume langileak. Adin eta kolore ezberdinetako emakumeak gara, bai; gutako bakoitzak modu berezituan pairatzen ditugu krisi ekonomiko sozial honen alde ilunenak. Emakumeon etengabeko prekarizazioa da, krisi ekonomikotik harago doan sistemaren krisi sistematikoaren ezaugarri nagusietako bat.
Egiturazkoa den krisi orokor honetan zaintza lanen krisi sakona bizi dugu. Honen aurrean, botere faktikoak emakumeon zaintzaile rola indartzen eta familia heteropatriarkala bultzatzen ari dira bizitza aurrera eramateko berme bakar gisa. Bestalde, lan merkatuan jarduten dugun emakume langileon jarduera gehienetan ezkutukoa da: bai sozialki eta baita administrazioaren aurrean ere. Zaintza lanen karga guztia jasotzen dugunak emakumeak gara eta baita bateragarritasun politiken fraudea jasan eta pentsio duin bat izateko inolako aukerarik izango ez dugunak ere. Emakume langileon errealitatea benetan da larria eta horren adibide dugu emakume gazteon egunerokoa, zeinetan, gure etorkizuna kolokan dagoen. Zailtasunak ditugu lan merkatuan sartzeko, gehienak merkatu ezkutuan gaude lan eskubideak bermatu gabe eta langabezi tasa oso altuak ditugu. Orain, gainera, pentsioen erreformak oinarrizko soldata minimo bat ere ez digu bermatuko.
Langabetuok, prekariook, zaintzaileok... denak gara langileak eta langile moduan zapalduak. Beraz, mobilizazioa eta indarrak batzea ezinbestekoa da errealitatea eraldatzeko boterea eskuratzeko. Gure borroka ez baitago krisian! Eta horregatik ostiral hontan, Hernaniko emakumeok kalera aterako gara bizitza duina izatea ahalbidetuko diguten eskubideak defendatzeko!
Maddalen Aduriz Rodriguez eta Lide Agirrezabala Goñi, Hernaniko Bilgune Feminista