Goizuetako Banda (1925-1929)

Erabiltzailearen aurpegia PATZIKU PERURENA LOIARTE 2016ko ots. 13a, 01:00

PATZIKU PERURENA LOIARTE

Etxean gurasoei aditua nien: bazela Goizuetan bertako ban­da. «Herrian bertako banda? Ez da posible!»... Ez nien sinesten. Egun batean Leitzako karrapean, Fermin Azpirotz Tolat­xe­ne­koak, Goizuetako bandaren jota zahar hau jo zidan arte, ezkerreko eskutik ziztua kenduta:
Zer ederragorik, banda ba­ten historia berritzerakoan, hark jotzen zuen pieza batekin hastea baino? Juxto Lujan­biori ere tatareatu nion 2003ko Urte Zahar eguerdiz, haren seme Xabier  testigu: nik hasi eta hark nola bukatu zuen, bere 89 urtetan: «bai bai, nik e yotzen nun gero pieza ori kordionakin!».  Grabatuak daude hitzok. Baina, egia osoan esatera, pieza zahar horrek azkeneko partea Ferminek berak eran­tsia zuela esaten zigun. Ohitura haundia baitzuen, bi parte hutseko pieza zaharrei, motzegiak iruditurik,  hirugarrena eransteko.
Handik hurrena, Goizue­tara bertara joan, eta bandaz galdezka hasi nintzen, bati eta besteri, eta baita elkarrizketa bana egin ere, banda ezagutu zuten hiru aitoni: Juxto Lu­jan­biori, Erreneko Pako Etxegiari eta Anttoniko Apezetxea alkate izandakoari.  Hala eta guzi, pozik haundiena Pauleneko Joan Antonio Lekuonak eman zidan, banda osoaren argazkia eskura ematean: «To, au ire­tzako. Nik battik programa geio». Joan Antonioren dibulgazio senari esker, 1980ko  programaren kontrazalean neukan zorioneko banda haren argazkia. Geroztik, bati eta besteri galdezka hasi, eta Bego Loiarte hernaniarrak, argazkian ezkerrera ageri den atabalero gaxtearen alabak, eskuratu zidan bigarren argazki dotorea, poz ederra emanez.

Banda desegin bezain laster, musika tresnak saltzeko tratuak egiten hasi zen Udala; baita erostunak azaldu ere, agudo aski.

Erdiko korbatadun bigotes ximel horixe duzu, D. Antonio Segura botikarioa, Goizuetako banda sortu eta gidatu zuena. Gainerako kide guziekin, berriz, baduzu entretenimentu ederra, nork zein tresna jotzen zuen asmatzen. Hona nire laguntza pizarra, argazkiaren alboan, batek eta bestek emandako azalpenekin.

Banda, herriarena
Argazkiak eta ahozko aztarren batzuk jaso ondoren, udal ar­txibora jotzea erabaki nizun, herriko bandaz deus ageri ote zen aztertzera. Eta bai, ederki kostata, baina datu franko bilatu ere bai atzenerako. Izatez, udal banda zen, herriak erosi baitzituen instrumentu guziak, eta 1925eko otsailean hasi en­tsaiatzen. Urte bereko amabirjinetan jo zuen bandak aurreneko aldiz, eta arraskasta izugarria bereganatu: «fue un triunfo, y  se acordó destinar 625 pts para remunerar a los músicos locales que han amenizado durante las últimas fiestas y 205 pts al director de la Banda».
Beste bost urtez segitu zuen bandak, serio demonio en­tsaiatuz, udalak koartelean beretzako destinatu zuen gela batean. Hogei zapel gorri ere erosi zituen herriak bandako uniformea txukun osatzeko.  Partiturak, berriz, Donostiatik ekarri zituen zuzendariak. Plazaren erdian kioskoa egiteko asmoa ere erakutsi zion zuzendariak 1927an Udalari, eta ondore hartan laster egina behar zuen, Erreneko Pako Etxegiak esandako hau sinestera: «plazan erdin patzen emen zuten kioskoa, ta an yo­tzen emen zun bandak».

Banda bukatuta, instrumentuak Hernanira
Bizi oparoa, baina laburra izan zuela dirudi gure bandak, 1929an zuzendaria Bilbora botikario, eta bandako kide gazte asko, kanpora joan baitziren lanera. Oker haundirik gabe esan liteke, orduan, banda eder hark 1925eko amabirjinetan jo zuela aurreneko aldiz eta 1929ko amabirjinetan atzeneko aldiz. Eta banda desegin bezain laster, musika tresnak saltzeko tratuak egiten  hasi zela dirudi Udala. Izan ere, dirualdi haundia baitzuen tresnak erosten gastatua, gero alferrik zokoan edukitzeko. Baita erostunak azaldu ere agudo aski: «varios jóvenes de Hernani solicitaron adquirirlos en compra cinco de dichos instrumentos».
Saldu gabe gelditu ziren tresnek, berriz: klarinetea, rekintoa, sasofoia, tronboia, txindak… batean gorde bestean azaldu, kasik gaur arte iraun dute Goizuetan, haren eta honen eskuetan, batzuren batzuk Umore Ona peñarainoko zubia eginez gainera.
Horratx bada, banda famatu haren kontuak, beste gertaera eder asko gordez laburtuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!