D2016: haserre gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Beñi Agirre Oiarzabal 2016ko urt. 30a, 01:00

Haserre dagoela dio Hansel Cerezak. Berak prestatutako Donostia 2016ko irekiera ikuskizuna ez omen genuen ulertu. Betikoa egin izan balu, agian ez zituela jasoko hainbeste kritika. Zubiaren ikuskizuna telebistan jarraitu genuenon ikuspegitik, ordea, ez dut ikusten kritikarako inongo arrazoirik. Argi-txinparta efektuen emanaldia bikaina ere izan zela esango nuke.
Hemen kontuan da, zein arraiok kontatu dion Hansel kataluniarrari nortzuk garen euskaldunak. Zubiaren alde batean euskal tipologi topikoenak kokatu ziren: harri-jasotzaileak, trontzalariak, aizkolariak…, kaleko arropa arruntarekin jantziak, Euro­pako Hiriburu Kultura­lean euskaldunak Josechu el vasco itxuran ikusiko gaituztela adierazi nahian edo. Eta nork deitu dio ikuskizun honi elkarbizitzaren zubia? Alde batean, euskal morroskoak zeuden, ez gaurko ingeniari, enpresari, kooperatibista, artista, euskara berreskuratzen ari garenak…, ez, morrosko landatarrak baizik; eta bestaldean, nortzuk zeuden? Zer egin dute bestaldekoek elkarrekin lasai bizi ginen euskaldunon bizitza izorratzeko?, eta elkarbizitza berreskuratzeko zubi bat eraiki behar izateko?
Honen guztiaren azpian eta urtean zehar ikusiko ditugun hamaika zaplaztekoren atzean hasierako disei­nuaren itxuragabekeria dago, ondoko urteotan agintariek aldatu nahi izan ez duten programa itxuragabea alegia. Madrilen besaulkia amesten zuten Odon, Patxi eta antzekoen ikuspegi gaixotia, Madrilera topikoz jositako konplexuen diseinuak eurekin eramaten dituztenak. Abizen euskaldunak graziosoak iruditzen zaizkie; oraingoan, berriz, Perez, Rodriguez edota Pajares Donostiarrak baldin badira Josetxu dira denak; eta zuek donostiarrak, espabilatu.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!