Luis Gorrotxategi Zigaran
Demokrazia herriaren gobernua dela hamaika aldiz entzuteak ez gaitu ohiko kezkatik libratzen: hautestontzietan jarri ditugun botoak gureak izanik, zergatik erabiltzen dituzte beraienak bailiran?
Gu eta geure botoaren arteko bereizketan hasten dira arazoak; gure partizipazio politiko osoa bozkara murriztean hobeto esanda. Gure botoak botere ikaragarria darama bere baitan: gu bezelako pertsona arrunta gure ordez erabakiak har ditzakeen politikoa (alkate, diputatu… agintari) bihurtzen baitu. Pertsona arrunt hori gure borondatearen ordezkari bilakatu da.
Instituzioek osatzen dituzte estatuaren hezurdura eta organoak, eta gure errepresentante diren politikariek ematen diete legitimitate demokratikoa. Hau da, bertan presentzia duten ordezkari politikariek betetzen dute (edo behintzat horretan saiatzen dira) herritar ordezkatuen ausentziak eragindako hutsunea. Demos/herri eta krazia/gobernu erroen arteko lotura sendoa hautsi dela dirudi: gobernua bere aldetik eta herria honen mempe.
Azken urteetan maizago entzuten dira demokrazia errepresentatiboaren gabezia eta ustelkeriak agerian jartzen dituzten ahotsak (mugimendu sozialak, hiritarrak, feministak etab). Fatalismotik urrun, beharrezko demokrazia parte-hartzailea zehazten duten printzipio eta praktikak aldarrikatzen dituzte (erabakitzeko eskubidea, egiarako eskubidea/gardentasuna, politiko karguak baliogabetzeko aukera…).
Duela hogeitabost mende, Atenas aitzineko Tilos arboladian, Tucidides historialaria honela mintzo zitzaien solaskideei: «deskantsatu ala izan libreak». Oraindik ez gara jabetu hitz haietaz. Haiek agintzen, gu musean.
Akaso, egunen batean, neurobiologiak argituko du mus partidetan, hogeitamaikarekin eta eskuz gaudela, gure zerebroak ixurtzen duen hormona eta hauteskundeetan hautatua izan dela jakin berria duen politiko profesionalaren zerebroa pilpiltzen duen sustantzia, berdinak direla.
Jokalaria (muslari edo kasinozale) alferrik erregutuko zaio zoriaren jainkosari gloria txutea errepikatu diezaion. Aldiz, zenbait politikok instant horretatik aurrera gogor ekingo diote aintza bera ziurtatuko dien helburu bakarrari: berrautatua izatea.