«Zuzeneko konexioa, oraindik ere, tentsio unea izaten da»

Erabiltzailearen aurpegia ESTITXU NEIRA MARTINEZ 2016ko urt. 2a, 01:00

ESTITXU NEIRA MARTINEZ

Beti izan duzu garbi kazetari izan nahi zenula?
Niri beti gustatu izan zait asko historia, baina garbi neukan ez nuela irakasle izan nahi. COU burutzen ari nintzela soziologia eta kazetaritzaren artean egon nintzen zalantzan. Azke­nik, kazetaritza aukeratu nuen. Ideia hortik zetorkidala uste nuen, baina aurreko batean eskolako kintakoen bazkari bat izan genuen eta batek gogorarazi zidan eskolarako egin genuen uholdeei buruzko erreportajean, oso emaitza ona atera nuela, eta agian hortik bazetorkidan zerbait jada.

Zenbat urte daramazkizu kazetaritzan eta nolakoak izan ziren hasierak?
28-29 urte daramazkit kazetari bezala. Ikasten ari nintzela, Diario Vascon egin nuen lan. Diario Vascok Zabalik izeneko atala argitaratzen zuen, hau da, egunkariko lehen orriak euskaraz idazten ziren. Cua­dernillo deitzen zioten, eta bertan bost bat erreportaje idatzi nituen. Ondoren, EITBk bost bat urte sortua zaramazkinean, oraindik ere edukia oso eskasa zen. Orduan hasi ziren irratia eta baita telebista ere indartzen. Gu, karrera euskeraz egiten hasi ginen lehenengoetakoak izan ginen, eta elebidunak ginenez, laugarren mailan bekarekin praktikak egiteko aukera eman ziguten. Ni neu, sei hilabetez Euskadi Irratian aritu nintzen lanean, asteburuetako magazine batean. Hau amaitu eta berehala telebistan hasi nintzen. ETB1 eta ETB2 bateratu nahian zebiltzan, hau da, Teleberria egiten zuen berriemaileak ere Gaur Egun egin zezan nahi zuten. Baina ETB2ko erredakzio txikia erdalduna zen, beraz irratitik atera berri eman ziguten aukera bertan hasteko; eta noski, baiezkoa eman genuen. Gure promozioak zorte handia izan zuen.

«Informazioa memorizatua daukazun arren, kalean faktore askoren menpe zaude, eta erraza da kontzentrazioa galtzea, zuzeneko konexioetan».

Telebista da zure medio kuttuna ala besteren batean aritzea gustatuko litzaizuke?
Nire izaeragatik, idatzizkoan baino esatari aritzea nahiago dut. Baina telebista eta irratia, biak ditut oso gustuko. Irratia, sei hilabetez bakarrik aritu nintzen arren, asko gustatu zitzaidan, eta bereziki, magazinetan lan egitea. Irratiko programa batean gustura egingo nuke lan gaur egun. Eta baita produkzio kazetaritzan ere, antolakuntzan. Telebista berezia da, baina kalean urte asko daramazkit eta izugarri neka­tzen du. Etengabe mugitu behar izaten duzu, eta gainera, erlojuaren presiopean zaude beti.

Komunikabide publikoan egiten duzu lan. Ba al du horrek alde on eta txarrik?
Alde ona badu, langile asko ga­renez hitzarmen sendoa daukagu, eta lan arloan komunikabide txikiek baino askoz ere babes handiagoa daukagu. Lan baldintzak oso finkatuak ditugu, nahiz eta krisialdiarekin gauza batzuek okerrera egin duten.
Bestela, pribatuekiko ez dago alde haundirik. Gobernu­a­ren menpe gaude, eta aldaketak somatzen dira giroan eta baita nagusien joan-etorrietan; baina guri, lanean, ez digu bereziki eragiten. Ni lana ahalik eta neutroen eta hoberen egiten saiatzen naiz, beste edozein komunikabidetarako egin­­go nukeen moduan.

«Telebista berezia da, baina kalean urte asko daramazkit eta izugarri nekatzen du. Etengabe mugitu behar izaten duzu, eta gainera, erlojuaren presiopean zaude».

Albistegietan, zuzeneko konexioetan aritzen zara. Nola prestatzen dituzu?
Urte asko daramazkidan arren, zuzeneko konexioa, oraindik ere, tentsio unea izaten da. Bi motatako konexioak egiten ditugu. Ohikoenak konexio txikiak izaten dira, eta normalean memorizatu egiten ditugu. Albiste bat aurkezten dugu, bideoan zabalduko den informazioari sarrera moduko bat eginez.
Informazioa memorizatua daukazun arren, kalean faktore askoren menpe zaude, eta erraza da kontzentrazioa gal­tzea. Horregatik, beti izaten dut errespetu puntu hori konexio hauetan. Beste konexio mota, zerbait berezia gertatu den unean bertan egiten duguna da. Kasu horretan, hizkera xumeagoa izan daiteke, baina oso egoera freskoa izaten da.

Gogorra al da kalean lan egitea?
Bai. Zuzenekoak egin behar ditugunean, bi orduz geldirik egon behar izaten dugu, eta eguraldiak asko eragiten du. Eta errepide edota bideak egoera txarrean daudenean, beldur puntu bat ere sentitu izan dut horrelakoetan.
Bestetik, zenbait ekitalditan eztabaidak sortzen direnean, gu erdian egoten garenez, ten­tsio uneak bizi izan ditugu kazetariok. Baina oso egoera konkretuak izaten dira horiek.

Gizarteko gaietan aritzen zara albistegietan. Beste sailen bat jorratzea gustatuko litzaizuke?
Gizarteko gaiak lantzea izugarri gustatzen zait. Baina sarri gertatzen da komunikabideetan dena gizartearekin  nahasten dela, eta bestelako gaiak ere landu behar izaten ditugula. Beste sailei dagokienez, politika ez dut batere gustuko; eta ekonomia, hau da, makroekonomia deritzoguna, ezta ere.

«Albiste on txikiak emateak poza sorrarazten du; gehienetan, berri txarrak besterik ez dira entzuten».

Inoiz pentsatu izan duzu atzerrira joatea korrespontsal gisa?
Inoiz ez. Ez  dakit herrimina den, baina ikastera kanpora joateko ere ez nuen inongo gogorik eta familia osatu nuenean are gutxiago. Duela denbora gutxi, EITBn Txinara joateko aukera izan genuen, baina nik garbi neukan ez nintzela joango. Herrian egotearekin batera, nahiago izaten baitut ezagutzen dudan kulturan mugitzea.

Zein dira eman duzun albisterik atseginena eta zein txarrena? Eta zein da ematea gehien gustatuko litzaizukeena?
Atseginenetakoa, Oñatin loteria tokatu zenekoa daukat go­goan.  Giroa oso ona zen, denak pozik zeuden, eta gustua ematen zuen jendearekin hitz egiteak. Txilera bidaiatu nuenekoa atsegina izan zen baita ere. Euskadik bertan zituen kooperazio proiektuak ikustera joan zen sailburua, eta gu albistearen berri ematera.
Txarrenak, heriotzak tartean dauden albisteak.  Bereziki, modu tragikoan gertatu direnak. Beti saiatzen naiz bestearen lekuan jartzen, eta niri gustatuko ez litzaidakeena ez egiten hildakoen senideei. Arriskutsua izan daiteke muga hori igarotzea. Hala ere, berriari ematen diodan trataera edozein dela ere, etxera ezinegonaz itzultzen naiz.
Eta ematea gehien gustatuko litzaidaken berria, gehiengoari bezala, munduko bakearena da. Baina utopietara joan gabe ere, albiste on txikiak emateak  poza sorrarazten du. Hedabideetan, gehienetan, be­rri txarrak besterik ez dira en­tzuten, eta pena haundia da.

«Ez dut inoiz pentsatu atzerrira joatea korrespontsal gisa. Ez dakit herrimina den, baina ikastera ere ez nuen kanpora joan nahi izan».

Astigarragako urtekarian ere hartzen duzu parte. Nolakoa da herri mailako esperientzia hori?
Oso pozik egiten dut, urtero hartzen dut parte. Normalean, pertsona helduak elkarrizketa­tzea tokatzen zait, herriko historiako ahotsak, alegia. Txin­txua­ko aitona, Umakoko amo­na, etab. Garai bateko eta herriko kontakizunak izaten dira. Nik zerbait ezagutu dut, eta eurek askoz ere gehiago; beraz, oso polita izaten da. Niri historia izugarri gustatzen zait, eta are gehiago herrikoa izanik.

Informazio bideak teknologiarekin batera aldatzen ari dira, sare sozialak, internet, mugikorrak, etab. eraginda. Zu hasi zinenetik hona, nola aldatu da kazetari lana?
Ikaragarri aldatu da. Orain mu­­gi­korrarekin zuzenean ematen duzu informazioa, eta baita argazkia bidali ere. Lehen, kabina baten bila aritu behar izaten genuen, presaka. Beste­tik, erabat aldatu da  teletipoen kontua. Lehen, teletipoen zain egoten ginen, paper-biribilkia bildu, eta hortik interesgarria zena hartu eta bestea baztertu egiten genuen. Orain etengabe daukagu informazioa, baina sare sozialei arrisku haundia ikusten diet. Azkarregi eman nahi izaten da informazioa eta askotan ez dira benetazko be­rriak izaten; beraz, beti egiaztatzen saiatu behar da. Baina, noski oso lagungarriak dira, eta Googlek zer esanik ez. Lehen, hemeroteka etengabe erabil­tzen genuen, eta orain apenas erabiltzen dugu, interneten ia guztia aurki dezakegulako.
Azkenik, lehen dena eskuz egiten genuen; orain, aldiz, prozesu osoa ordenagailuz egiten da, baita muntaketa ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!