Ardoa eta arrainaren ibilbidean azken etapa, aintzira artean

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi 2016ko urt. 9a, 01:00

Mendiriz mendi


Ardoa eta arrainaren ibilbidearen barruan (GR38), bederatzigarren eta azken etapa  egitea proposatu du Mendiriz Mendik, urtarrilaren 17rako.
Guardia eta Oion herriak lo­tzen dituen etapa da, eta Erri­o­xako lurretatik barrena igaro­tzen da.  Ibilbidearen hiru laurdenak asfaltatutako pistetatik egiten dira eta geratzen den beste laurdena egoera oneko pistetatik. Beraz nahikoak dira zapatilak.
Gainera, GR-38 ibilbideari amaiera emango zaiola ospa­tzeko, bazkari bat antolatuko da azken etapa hau amaitu ondoren Eguren Ugarte upategian.

Guardiako Aintziretako Biotopo Babestuan barrena
Guarditik irten eta metro batzuk errepide albotik egin ondoren, eskuinera egiten duen asfaltatutako pista hartu behar da. Pis­ta hori ia 9 kilometrotan jarraitu behar da. Aintzira pare baten albotik igarotzen da eta eguraldiak laguntzen badu hegaztiak ikusteko aukera izango da.
Hain zuzen, azken etapa honek Guardiako Aintziretako Biotopo Babestua zeharkatzen du. Biotopo Babestuak lau hezegune barne hartzen ditu: Prao de la Paúl (ur geza) eta Carra­lo­gro­ño, Carravaldesca eta Musko aintzira gaziak. Aintzira horiek osatzen duten Biotopoa Euskal Autonomia Erkidegoko Natur­gu­ne Babestuen Sarearen ba­rru­an dago. Bere bakantasun, zaur­ga­rritasun eta garrantziarengatik bereziak diren lekuak eta for­mazioak babesteko sortu zen sare hori. Guardiako aintzirak Euskal Autonomia Erkidegoan kubeta gazi endorreikoen ekosistema bereziaren erakusgarri bakarra da. Europa osoko ain­tzira hipergazi ipartarrenak dira.
Orain dela 60 milioi urte Ebroko sakonunea itsasoak estaltzen zuen. Hogei milioi urte geroago, mugimendu tektonikoek lur hauek altxatu zituzten eta aintzirak kokatuta dauden kubetak itsasora irteerarik gabe gelditu ziren gaur arte. Aintzirak eurietatik jasotako uretarik elikatzen dira eta urtero errepika­tzen den gainezkatze-lehortze ziklo bat jasaten dute. Neguan eta udaberrian urez beteta daude; udan, ordea, erabat lehortzen dira eta udazkenaren hasieran berriro ura biltzen hasten dira.

Hegazti koloretsuak
Aintzira hauetako ezaugarri ekologikoak oso bereziak dira. Gatz kontzentrazio altua eta uraren mailaren aldaketak di­rela eta, oso bereziak eta ezohikoak diren landare eta animaliak agertzen dira bertan. Eremu hauetako ohiko landarediak fauna aberatsa manten­tzen du. Aniztasun eta koloreagatik hegaztiak nabarmentzen dira gehien.
Ibilbide hau aintzira pare baten albotik igarotzen da, eta hauek bisitatzeko urtarorik onena irailetik martxora bitartekoa da, negualdiko hilabete horietan hegaztiak bereziki ugariak izaten baitira.

Aintziretatik, upategietara
Pista Guardia eta Logroño elkar­tzen dituen errepidera irteten da. Errepide nazionala gurutzatu eta aurreko pistatik jarraitu behar da. Viña Balseca upategia zeharkatu ondoren auzo errepide batera irtengo gara. Aurrez aurre dagoen asfaltatutako pista hartu eta gora egin behar da. Berehala pista utzi eta eskuinera egiten duen lurrezko pista bat jarraitu behar da. Beste errepide batera irtengo gara. Hemendik eskuin aldera jaitsi eta errepide nazionalera irteten da. Errepide ertzetik kilometro inguru egin behar da Gerardo Viteri upategiaren parera iritsi arte. Bertan ezkerrera egiten duen asfaltatutako pista hartu eta igotzen hasi behar da. Lehenengo bideguru­tzean es­kui­nera hartu eta egoera oso one­an dagoen pistari jarraitu be­har zaio kilometro pare batean.

Arabako Errioxak, ardo zaporea
Arabako Errioxak ardo-zaporea du, ardoak dena blaitzen du. Egiten den ardoak eskaintza zabala du aroma eta zaporeen aldetik, eta Errioxako jatorrizko deitura kalifikazioa du. Ardoa egiteko modu berriztatuak nagusi dira, baina badira oraindik tradiziozko moldeak erabiliz ardoa egiten jarraitzen duten upategiak.
Errioxa aldean upategiak bisitatzeko aukera zabala dago,  ardoa egiteko prozesu eta teknikak ezagutu eta Errioxako menua eta ardoak dastatzeko.

Bukatu, Oionen
Pistak behera egiten duenean asfaltatutako pista batekin elkartzen da. Pista horri jarraitu behar diogu Oion herrira ailegatu arte. Aurkitzen ditugun bidegurutze guztietan aurrera egin behar da. Galtzeko arriskurik gabe ibilbidearen amaierara, Oion herrira, iritsiko gara.
Oion, Guardia udalerriaren mende egon zen 1633 urtera arte. Urte horretan jaso zuen hiribilduaren izendapena. Eliza, XVIII. mendekoa,  Andre Mariaren izenpekoa da eta bere dorrean Errioxako dorrerik lirainetako bat da, eta haize-orratz bat duenez ‘Giralda’ ezizenez ere ezagutzen da.
 

Datu interesgarriak

- Luzera: 18 km.
- Denbora: 4 ordu.
- Desnibel metatua: 100 m gorantz eta 200 m beherantz.
- Zailtasun berezirik gabekoa. 
- Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. 
- Mendiriz Mendik urtarrilaren 17an egingo du irteera hau.
- Nola iritsi: N-1 errepidea jarraituz, Gasteiz pasa ondoren, Armiñon herrira hurbildu . Bertan Harora doan N-124 errepidea hartu. Haroko herri sarreran N-232a errepidea hartu eta Guardiaraino hurbildu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!