Errealitatea ezagutzerakoan behaketa da ematen dugun lehen urratsa, aurretik, noski, errealitate horri buruz badugu gure ezagutza eta usteak.
Gure herrian zaratarekin lotu eta behatu daitezkeen egoerak baditugu. Gehien ezagutzen ditugun egoerak txotx denboraldiarekin lotzen direnak dira, eta hauek ez dira errazak aztertzen, faktore anitzak direlako gertaera horren inguruan eragiten dutenak. Pertsonen atsedena eta sarrera ekonomikoak uztartu behar direnez gaia konplexua da eta guztion onurako, uste dut, denek nolabait amore ematen dugula.
Baina orain gure arteko bizikidetza eta zarata uztartzen duen beste egoera xume edo mikroagoa aurkeztu nahi dizuet, guztiekin bere behaketa konpartitu eta ea zer nolako ondorioak ateratzen dituzuen.
Aurreko gau batean 11ak inguruan, Andre Kale eta Plaza Berri aldetik 8 edo 10 urteko lau neska-mutil ari ziren danba-danba Frisby batekin lurra, kabina eta hormen kontra kolpeak jotzen eta ordu horietarako zarata nabarmena eragiten.
Lehenengo aldian leihora atera eta mesedez eskatu nien, modu onez, beraien jolasa utz zezaten, ordu horretan pertsona askoren atsedena zaindu behar zelako.
Bigarren aldian, orduan jada emakume nagusi batekin zeuden, berriro argudiatu nien jolasa hori uzteko beharra. Emakumeak entzun zuen eta jolasa gelditzeko joera agertu zuen.
Baina, hirugarren aldia ere suertatu zenean, eta ni jada nire burua amorratua sentitzen nuenean, berriro haserretua leihora atera nintzen atsedenaren eskubidearen alde tinko berriro egiteko. Hirugarren aldi honetan beste emakume nagusi bat zegoen haur haiekin. Orduan bai suertatu zela egoera esanguratsua eta, niretzat lotsagarria, bizikidetza oinarritik puskatzen duena: Emakumea haurrak geldiarazteko interbentzioa egin beharrean nire aurka egin zuen.
Ulertuko duzuen bezala nik garbi eta argi sumatu nuen, aurrean nituen ume haiek beraien bizitzarako oso garrantzitsua izango zen lezio bat lortu zutela: «Gaueko 11 inguruan jolastu gaitezke nahi haina zarata ateratzen, eta norbait haserretzen bada hurbilera dugun nagusiren batek nahi hori defendituko du».
Horren aurrean zer esan?
Azkenik isiltasuna iritsi eta lasai egin nuen lo, baina nire pentsamenduak haurra horiek jasotako lezioak etorkizuneko bizikidetzan izango zuen eraginaz, une batean behintzat pentsatu nuen.
Bizi gurekin Kaxkoa. Eskerrik asko tonua jaisteagatik (Donostiako Alde Zaharreko kanpaina).