Abenduaren 19 eta 20aren, eta 25 eta 26aren tarteko gauetan Hernanik, eta bereziki alde zaharrak, gaueko gonbidatuak jaso zituen.
Badira ondo portatzen direnak, baina ez dira horiek atentzioa ematen dutenak; besteak baizik, zaratagatik nabarmentzen direnak, errespetu faltagatik, eredugarria ez den jokabideagatik, indarrean dagoen araudia sistematikoki ez betetzeagatik. Horiek ukatzen diete bizilagunei atsedenerako eskubidea, kontuan hartu gabe hauen artean atsedenerako behar gehiago duten haurrak, adinekoak eta gaixoak daudela.
Bizilagunok gure erakundeetatik jasotzen ditugu hitz politak eta pazientzia eskaerak. Esaten digute neurriak hartzen ari direla gauetako gonbidatuen errespetua itzultzeko, inoiz galdu behar ez genuen hori.
Zoritxarrez, gizarteko esparru guztietan, duela urte batzuk errespetua hitzak orain baino mami gehiago zuen. Orain esaten da errespetua zeritzona beldurra zela, eta nik diot orain askatasuna deritzona, desordena dela, lasaikeria deitzea gehiegizkoa iruditzen baitzait.
Zenbait albiste iritsi zaizkigu diotenak Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak ez dituela partekatzen jarrera ez egokiak (ikus Kaxkoko bilerako akta) eta tinko jokatzea eskatu duela araudiak bete-tzen ez dituzten, edota, desordena sustatzen ez badute, bertatik etekina ateratzen duten saltokien aurka (Berriakeko bazkideak direnak). Eta Berriak elkartea txalotzen dugu, baina are gehiago txalotuko genuke Kaxkoko bizilagun eta merkatariek jarrera ez egokiak (hitzez) gaitzesteaz gain, ekintzekin gaitzetsiko balu. Eta azalduko dut.
Bizilagunok badakigu Berriak dela, urtero, Eusko Jaurlaritzari Hernaniko bazkide ostalari guztientzat txotx denboraldirako itxiera ordutegien luzapena eskatzen duena. Indarrean dagoen araudia betetzen dutenentzat, eta baita betetzen ez dutenentzat ere.
Berriakeko kideei, zorionak jarrera ez egokiak gai-tzesteagatik. Kontsekuenteak izanda, araudia bete ez dutenak elkartetik baztertuko al dituzue? Betetzen ez duten tabernak zuen eskaerako zerrendatik kanpo utziko al dituzue? Hala bada, jaso ezazue gure zorionik zintzoena.
Itxiera ordutegien luzapenagatik eta, batez ere, hauek ez betetzeagatik bizilagun askok dugun atsekabea Eusko Jaurlaritzari helarazteko eskatzen diogu Kaxko Elkarteari eta gure udaletxeari.