Astigarragan Eskola Publiko bakarra dugu eta oso harro gaudenez, gure esfortzuak eta lehentasunak hor izan dira eta izango dira. Ez du balio esateak “guretzat ere eskola inportantea da eta Udaleko ateak irekita daude” eta gero ekintzetan kontrakoa egitea.
Aurreko 4 urteetan, gurasoak gure alde ditugula ere leporatu izan diguzue eten gabe. Zergatik ote? Zenbat aldiz elkartu zarete gurasoekin? Zer interesa adierazi duzue eskolako komunitatearekiko? Hauteskundeak arte, ezta gogoratu ere.
Bai, jangelako trasladoaren ardura hartu duzue eta eskerrak eman nahi dizkizuet orain arte herrian zeuden proiektuei, EH Bilduk martxan jarritako guztiei, segida ematen ari zaretelako. Baina galdera bat datorkit burura: horiek bukatzen, zer?
Bai, eskolako proiektua (zuek ere onartutakoa) garestitu egin zen. Ez dakizue zergatik, ezta? Besteak beste, 4 ikasgelen azalera handitu zelako, zutabeak sendotzea erabaki zelako noizbait beste solairu bat egin beharko balitz... Honen aurka zaudete, ala?
Bilduren kudeaketa desegokia izan dela diozue. “Kudeaketa desegoki” horri esker, egun herriko 550 haur ikasgela erosoetan daude. Urteetan eskatutakoa lortu da: jangela kiroldegitik atera eta eskolan integratu eta bi espazio berri. Bat jangelaren trasladoak utziko duena eta bestea, eskolan bertan, areto eder bat.
Gogorarazi nahi dizuet Eusko Jaurlaritzaren beharretan ez ginela sartzen 2020 bitarte. Bitartean zer proposatzen zenuten? Duela 8 urte bezala haurrak aurrefabrikatuetan egotea Udala eta Jaurlaritzaren utzikeriagatik? EH Bilduren izenean, ez behintzat.
Bukatzeko eskaera bat. DBH herrirako gai estrategikoa dela diozue. BENETAN badiozue, hasi lanean Eusko Jaurlaritzan dagoen zuen alderdiarekin. Gurasoak dagoeneko lanean ari baitira!
Idatzi honek erantzuna balu, Alkatearena edo Hezkuntzako Zinegotziarena izatea nahiko nuke. Ez beste inorena.
Maite Olaziregi Esparza
EH Bilduko Hezkuntza
zinegotzi ohia