Hemen gaituzue aurten berriz ere. Pentsatzen dugu opariekin gora eta behera ibiliko zaretela, baina minutu bat besterik ez da izango. Lasai, ez dizkizuegu eskatuko Batmanen baloia, ez eta Spidermanen jantzia ere; Barbyren karabana, are gutxiago. Ametsen liburuari dagokionez, joan den Durangoko Azokan erosi genuen, beraz, alde horretatik ere, kezkarik ez.
Oihalezko etxola bat nahi genuke, aterperik gabe daudenen protestarekin bat egiteko. Paperak, inmigrante papergabeei emateko. Ipar orratza, Euskal Herriarentzako. Errepide mapa, Euskal Herriko abertzaleek bat egiteko. Giltzak nahi genituzke, ba, barnean daudenak ateratzeko. Hitza, herriari emateko. Kriseilu bat, etorkizuna argitzeko. Oihu bat, genero biolentzia betiko desagertzeko. Margo batzuk ere bai, mundu hobeago bat marrazteko. Doinu bat, gure hizkuntzarentzako. Irri bat, zoriontsu izateko. Besarkada bat zuentzako. Eta muxu bat, sufritzen ari diren guztientzako.
Ahaztu baino lehen, gonbidatuta zaudete abenduaren 24an, arratseko 19:30etan, Gari, Ibon eta gainerako presoen alde egingo dugun manifestaziora.
Aitziber Larramendi Muxika eta Itziar Mujika Garitano. Hernaniko Sare.