Ideia xenofoboak ate joka ditugu gure inguruan azken aldian. Gure jendarteko arazoen erantzule beste herrietatik datozen pertsonak egitea guztiz bidegabea da, bai beraientzat baita gure gizartearentzat ere, horrek ez baititu gure arazoak konpontzen eta gainera bertako biztanleria zatikatzen du. Gure gizarteak anitzak eta pluralak direla onartzerako garaian batzuen erresistentziak argiak dira. Iraganean europarrak izan ziren emigratu zutenak; egun migrazioen harrera herrialdeak gara; migrazioak dakartzan pertsonak beharrezkoak dituzten herrialdeak.
Pertsona hauen ekarpenak ukatzean, kriminalizatzean, nortasun, kultura eta erlijio ezberdinen eskubideak arbuiatzean, lan sarbidean, hezkuntzan, osasungintzan, etxebizitzan, eskubide politikoak etab.ak diskriminatzean, soilik gizarte zatikatu bat lortzen ari gara, non lehen eta bigarren mailako hiritarrak sortzen ari garen; eraiki nahi dugun elkarbizitzaren guztiz kontrakoa.
Beste bide bat hartu dezakegu ordea, gizarte abegitsu bat eraikitzearena; harrera gizarte bat, non pertsona orok eskubide eta betebehar berdinak izango dituen eta kultura, identitate eta erlijio ezberdinak aberastasun moduan ikusiko diren, eta ez arazo moduan.
Hernaniko eragile sozial askok bide hori hartzea erabaki dugu, eta lanean dihardugu gure herria harrera gune bat izan dadin; zeinetan pertsonok gure ezberdintasunen inguruan hitz egin eta eztabaidatu dezakegun eta elkartasun ezak, diskriminazioak, arrazismoak eta xenofobiak lekurik ez duten.
Abenduaren 18an, pertsona etorkinen nazioarteko egunean, bereziki azpimarratu nahi dugu sufrimendu, miseria eta gatazketatik ihesi eta Europaren babes internazionalaren bila dabiltzan milaka eta milaka pertsona pairatzen ari diren egoera larria. Halaber, pertsona hauentzako harrera duin bat exijitzen diegu europar instituzioei eta Hernani ere pertsona hauentzat harrera lurraldea izan dadin gure prestutasuna eta konpromisoa berresten dugu.