Nik zu bezala beti eman izan diot botoa ezker abertzaleari eta igande honetan ere horrelaxe egingo dut EH BILDUren papeleta aukeratuta. Aukeraketa honetan ez dut zalantzarik, argi dudalako EH BILDUren proiektua Euskal Herria aske eta justoa eratzea dela. Ezker abertzaleak beti defendatu izan duen bezala.
Nahi dugun Euskal Herria justizia sozialean oinarritzen da, euskalduna da, ama lurraren defentsa eta zaintza bere zutabea da eta nola ez, Euskal Herria feminista da. Ezinezkoa delako Euskal Herria librea lortu gizon eta emakumeen arteko harremanak ez badira oinarritzen berdintasunean, parekidetasunean eta askatasunean.
Gizarte berri bat lortzeko bidea luzea eta gogorra izaten ari da eta izango da. Egunero esnatzen gara eraso eta hilketa sexistekin, egunero bazterkerien kasuak ezagutzen ditugu. Emakumeek emakume izateagatik jasatzen duten zapalkuntza denon begi bistan dago. Egoera honekin amaitzea da EH BILDUren helburua, baina alderdi politikoak baino, borroka feministaren protagonistak emakumeak zarete.
Edozein izanda ere jatorri, arraza, kultura, klase sozial edo indentitatea, emakumeak zarete askatasun prozesu honen gidariak, eta emakumeak zarete, denak elkarrekin, gizarte hobeago bat lortuko duzutenak. Gizon asko ere prest gaude bide hori jorratzeko.
Eta gizarte laikoa da gure eredua, nola ez, non erlijioa eta sinismenak norberaren bizitza pribatuaren esparruan garatu eta mugatzen diren. Askatasunean bai, baina inongo eraginik gabe, hezkuntzan, bizitza sozialean edo politikoan.
Bakarrik ohar bat mezkitaren gaiari buruz. Erlijio askatasuna oinarrizko giza eskubidea da. Beraz katolikoek, luteranoek, anabaptistek, budistek, musulmanek, animistek, eta egon daitezkeen erlijio guztien sinisdunek bere praktika eta erritoak burutzeko lekuak izateko eskubidea dute.
Hori bai beraien patriketatik ordainduta, diru publikorik gabe eta gainontzekoen askatasunak errespetatuz.