Etengabe urratzen dira giza eskubideak mundu guztian; baita Euskal Herrian ere, hemen ez dago salbuespenik. Azken urteotan, hainbat elkarte eta eragile ari dira lanean gure herriak estatu espainiar eta frantziarrarekin bizi duen gatazkari konponbidea emateko, baina bi estatu horien aldetik jasotzen dugun erantzunak guztion etsipena du helburu; izan ere, beren legea bete ez, eta modu ankerrean baliatzen duten indarkeriak ez du etenik gurean. Argi adierazten dute, gainera, bide horri eusteko asmoa. Horren adibide dira, besteak beste, urte luzeetako euskal presoen dispertsioa bi estatuetako presondegietan, eta larriki gaixorik daudenak ez kaleratzea.
Noiz arte horrela? Ohiko bihurtu ditugu bidegabekeria horien salaketak, baina gizartea jabetzen al da benetan horien atzean ezkutatzen den sufrimenduaz eta etsipenaz?
Hernanin, zehazki 25 preso ditugu Espainia eta Frantziako espetxeetan barreiatuta. Asko eta asko ehundaka kilometrotara, eta horien artean baditugu bi larriki gaixorik daudenak: Garikoitz Arruarte eta Ibon Fernandez. Bata Almerian dago eta bestea Lanemezanen. Espondilitisari eta esklerosiari egin behar diote aurre, kartzeletako bizi-baldintzetan. Kondena bikoitza dute, eta horrela bizi-irauten dute larriki gaixorik dauden beste 10 euskal presoek ere. Gaitz larriak dituzte guztiek; sendaezinak: hiesa, gaitz mentalak, minbizia... Non dira beren giza eskubideak?
Horien alde egin behar dugu lan, eta ez dugu etsiko beraiek etxera ekarri arte.
Guztioi dei egiten dizuegu ahalegin horretan laguntzeko: dispertsioarekin amaitzeko, eta larriki gaixorik daudenak etxera ekartzeko. Denon artean lor dezakegu.
Bukatzeko, gogoratu abenduaren 10ean arratsaldeko 18:30etan Herri Sarea osatuko dugula anbulatoriotik Zinkoeneara. Etor zaitez harriak mugitzen laguntzera.