Euskal Herria Independientea, hori da euskal herritar askok dugun nahia eta sentitzen dugun premia eta beharra. Hala ere askok esaten didate Euskal Herria lokartuta bezala dagoela. «Begira Katalunia, eta guk zer?». Galdera hau sarritan entzun izan da gure herriko txoko askotan. Zer egin? Nora jo? Eta erantzun bakarra dago nere ustez. Lana egin behar dugu. Lana gehiago eta hobeto egin behar dugu.
Zorionez herri honek gauzak aldatzeko duen ahalmena behin eta berriz erakutsi du eta nere ustez egoera iraultzea lortuko dugu. Hor daude aztarnak, hor daude hainbat eta hainbat borroka politiko, soziala eta kulturalak non gero eta argiago isladatzen den gure erabakiak guk hartu behar ditugula eta euskal gizartea aske nahi badugu, herri aske eta independentea izan beharko dugula. Bestela erabakiak beti Madrilen edo Bruselasen edo Estatu Batuetan hartuko dira.
Eta independentziaren aldeko bidean norberak, bakarrik, ematen duen urrats bakoitza garrantzitsua da. Baina elkar hartuta urratsak biltzen baditugu bidea arinagoa izango da. Horregatik garrantzitsua da Abenduaren 6an Bilbon elkartzea. Independentziaren bideari ekiteko prest gaudela ozen aldarrikatzeko. Indartsu adierazteko herri honek bere buruaren jabe izan nahi duela. Bere buruaren jabe Euskal Herria hobeagoa, justoagoa eta askeago batean bizitzeko.
Baina jakin behar dugu abenduaren 7an ere jarraitu beharko dugula independentziaren bidea jorratzen Eta abenduaren 20a ere iritsiko da eta horretan ere erantzuna ozena emango dugu. Eta abenduaren 21an, eta 22an eta… Bidea luzea dela badakigu, baina bidaia guztiak lehen urrats batekin hasten dira.
Ekin independentziari. Bildu independentziara.