48 ordu itxaron ditut Zorione, eta eskerrak albistea ez zidaten larunbat arratsaldea bitarte eman, Lasarten errauskailuaren aurkako manifestazioan ginela. Kasualitatea zuk eta zure alderdiak Astigarragan Errauskailuaren alde egin eta gu arratsaldean 2000 pertsonatik gorako manifestazioan, honen aurka eta aire garbiaren alde.
Badakit goizeko plenoan ez zinetela batere eroso egon, gogorra baita adibidez PSOEk behartuta PNVk euskararen aldeko BILDUk aurkeztutako mozioarekin bat egin beharra zuk hasieratik mozioa gogor kritikatu ondoren. Oraingoan ere, zuen moziorik proposatu gabe. Azkenean astigartarron aurrean biluztu zarete, errauskailuaren alde garbi eginez eta herriari hitza ematearen aurka zaudetela agerian utziz, baldin eta galdera PNVren gustukoa ez den. Non geratzen dira Astigarraga Garbiaz mozorrotzen zinetenean esandakoak?
Herritarrok Plenoak ditugu gure agintariak fiskalizatzeko tresna publiko, zuzen eta bakarrenetarikoak, eta nik, aprobetxatu egiten ditut. Plenoetara joaten naiz eta eztabaidatan parte hartzen dut inori irainik egin gabe. Beste batzuetan aldiz, agintariei kargu hartzen diet, guztientzako diren lege eta arauak beraiek ez betetzeagatik. Larunbat honetan hori egin nuen: alde batetik, Alkatearen aparkatzeko erak salatu nituen, zamalanetarako eta ezinduentzako erreserbatuta dauden aparkalekuetan aparkatzeagatik. Bestalde, zakurren inguruko araudia aldatzeko ere eskatu nuen, batik bat zinegotzi batzuk zakurra paseatzera ateratzen duzuenean solte eramaten duzuelako araudiak lotua eraman behar dela badio ere. Zuek arauak hausten badituzue, zer egingo dute herritarrek? Zein autoritate moral duzue herritarrei arauak betearazteko? Eta isunak jartzeko?
Azkenik esan, mindua bazaude ere ez duzula inongo eskubiderik zauden lekutik herritarrak iraintzeko. Beroaldiak ere zaindu beharrekoak dira. Gutun honetan ez dut iraina aipatuko, baina, honen larritasuna medio, gauza bakarra eskatzen dizut: publikoki barkamena eskatu ezean dimititu ezazu.