Azaroaren 25ak, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna den honek, ez du islatzen emakumearen arazo bat, gizarte osoarena baizik. Hori dela eta, gizonen artean hausnarketa sakon bat egiteko unea dela uste dugu IZAN GIZON-en.
Iruditzen zaigu, gizarte patriarkal eta matxista honen parte garenez, guk ere aitortu behar genukeela, gure heziketak alde matxistak eta zapaltzaileak eduki dituela. Horren ondorioz, ditugun jarrera matxistak errekonozitu behar genituzkeela.
Egunerokoan berdintasunaren aldeko diskurtsoak darabilzkigu ahotan, baina uste dugu badela garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Biolentzia mota ezberdin asko daude. Txiste matxistetatik hasi eta eraso matxistaren artean ibilbide luzea dago, baina bide beraren puntu ezberdinak dira eta batak bestea elikatzen duela uste dugu. Espektro zabal horretan gizonon lana da isilik ez egotea, ekintza matxistek, ekintzaileez gain, isilik geratzen diren konplizeak behar baitituzte.
Aurretik aipatutako guztiagatik, IZAN GIZON-en uste dugu, gure egunerokoan, prebentzioan, heziketan, salaketan, ohitura berritan, gizon ereduaren aldaketan... bakoitzak bere esparruan eragin behar genukeela eta horretan ari gara. Aurrerantzean, ezinbestekoa ikusten dugu gizon ereduaren aldaketa behar genukeela, ez soilik gizartean parekidetasuna ekarriko digulako, norbera ere askoz zoriontsuago egingo duelako aldaketa honek.
Beraz, gizon eta emakumeak heldu diezaiogun lanari gizarte eredugarria eta parekidetsuago bat egin dezagun!
Ander Lizarralde Jimeno, Izan Gizon taldearen izenean