- Ainhoa Jauregi Cabezon -
Noiz eta nola sortu zen Zumitza Triatloi Taldea?
Xabat Aizpiolea: 2010garren urtean sortu zen. Hernanin, bost edo sei lagun ginen triatloia egiten genuenak, batzuk libreki eta ni, adibidez, Donostiako talde baten barruan, eta herri mailan talde bat osatzea erabaki genuen. Zumitza txirrindulari taldeko kideekin asko egoten ginen, beraz, beraiei proposatu genien ideia eta onartu egin zuten.
Zenbat kiderekin hasi zineten? Eta, zenbat zarete orain?
Xabat: Hasieran bost ginen eta orain 10 gara. Jendea etorri eta jun egin da, baina azken urteetan 10 kideren inguruan izan gara. Datorren urteari begira, badirudi beste bi berri datozela.
Noiz hasten da denboraldia?
Asier Okon: Euskal Herrian maiatzean hasten da.
Xabat: Bai, baina estatu mailan eta Frantzian martxorako ere hasten dira txapelketak.
«Bakoitzak ahal duena entrenatzen du. Lanak, familiak eta beste egin beharrek uzten diguten denboraren arabera».
Zein lasterketetan hartzen duzue parte?
Xabat: Euskal Herriko txapelketetan, gehien bat. Nahiz eta kanpora ere atera izan garen. Batez ere, lasterketa luzeetan parte hartzeko.
Zenbat lasterketa edo txapelketa egiten dituzue denboraldi bakoitzean?
Xabat: Badago 7, 8 edo 9 lasterketa egiten dituena, baina normalean 4 edo 5 egiten dira. Zein distantzitakoak diren arabera.
Asier: Nik aurten adibidez, bi txapelketa egin ditut, baina luzeak.
Zein lasterketa mota daude eta zeintzuk dira distantziak?
Iban Fernandez: Alde batetik, ironmana eta ironman erdia daude, lasterketa luzeak direnak; eta bestetik, olinpikoa eta sprinta, lasterketa motzak izango liratekeenak. Txapelketa popularrak ere badaude eta hauek, noski, motzenak dira.
Xabat: Ironman erdi bat 10-12 ordutan egiten da eta springa ordu eta laurden inguruan.
Asier: Nik, adibidez, 11 ordu pasa nituen azkeneko ironman erdian.
Xabat: Ez, ez, 10 ordu eta 58 minutu, zehatzak izateko. Ez meriturik kendu. (Barre pixka bat egin ondoren) Ironmanak edo ironman erdi batek exijentzia haundia eskatzen du. Gorputzak bere denbora behar du txapelketa batetik bestera errekuperatzeko. Ironman baterako 6 hilabeteko preparazioa behar da gutxienez.
Parte hartutako lasterketetan bitxikeria mordoa izango zenituzten.
Xabat: Milaka dauzkagu. Lasterketa gehienetan, zerbait berezia pasatzen zaigu. Neri aurten kasko bat lapurtu didate Donostian. Ezagutzen dugu neoprenoa nahi gabe beste batena jarri duena eta beste horrek berea, edota trajea alderantziz jantzi izan duena ere bai.
Asier: Nik, adibidez, azkeneko lasterketan txirrindarekin hasi behar nuenean betaurrekoak falta zitzaizkidala konturatu nintzen. Beraz, beste batenak hartu nituen. Hori bai, lasterketa bukatu zenean, berriro ere bertan utzi nituen. Nik ezin dut betaurrekorik gabe txirrindan ibili eta une horretan ezin nuen denbora galdu.
«Oso bakarkako kirola da triatloia. Bakoitzak bere beharrak ditu, bere pultsazioak, modalitate bat gehiago landu beharra…».
Kanpotik triatloia oso gogorra dela dirudi eta edonork egin ezin duena. Zuek zer diozue?
Asier: Triatloia ez da kanpotik ematen duen bezain gogorra. Mitifikatuta dago. Egia da entranatu egin behar dela, baina prestatuz gero edonork parte hartu dezake.
Eta elikadura aldetik, asko zaindu behar al da?
Iban: Elikadurak garrantzi haundia du, ematen duena baino gehiago. Nik orain dieta bat hasi dut eta izugarri nabaritzen dut. Agujeta gutxiago ditut eta errekuperatzeko garaian ere asko antzeman dut.
Zenbat egunetan entrenatzen duzue?
Xabat: Bakoitzak ahal duena. Lanak, familiak eta beste eginbeharrek uzten dizuten denboraren arabera. Batzuek, denbora asko dute ia egunero entrenatu ahal izateko, eta beste batzuek ez. Hori bai, denboraldian bete-betean gaudenean, guk adibidez, astean 6 egunez entranatzen dugu.
Asier: Dena den, sprint bat egiteko, esate baterako, ez da hainbeste entrenatu behar.
Iban: Ni orain bajan nago. Istripua eduki nuen eta errehabilitazioan nago. Aurten nire helburua ongi jartzea da, berriz ere entrenatu eta lasterketetan parte hartu ahal izateko.
Hernaniko kirol-zaletasuna nola ikusten duzue?
Iban: Geroz eta kirol-zaletasun haundiagoa dago.
Xabat: Bai, baina bakarkako kirolak egiten dira batik bat. Orain hasi da berriro ere taldeko kirolen bat indarra hartzen, baina gehiengoak bakarka egiten dugu kirola. Gu ere, nahiz eta talde bat izan, bakoitzak ahal duen ordutegian entrenatzen du.
Lander Muñoa (azkeneko momentuan gehitu zaigu elkarrizketara): Bai, orain kirola gehiago egiten da, baina nik uste dut, gizartea ere aldatu egin delako izan dela. Lehen jendea lanetik atera eta poteatzera joaten zen; orain, ez. Orain kirola egitera joaten da. Gorputzaren gurtza edo culto al cuerpo asko dago.
Triatleta izateko eman behar diren lehenengo pausoak zeintzuk dira?
Xabat: Ba lehenengo gauza, hiru modalitateak kontrolatu behar dira: igeriketa, txirrinda eta korrika egitea. Badago jendea triatloia egiten hasi dena baina igeri aspaldian egin ez duena. Ni bezala. Orduan, ikastaroetara apuntatzen gara.
Iban: Krola jakinda nahikoa da. Ikastaroetan gehienbat teknika lantzen da eta horietan beste estiloak ere lantzen dira. Baina, krolarekin nahikoa da txapelketetan parte hartu ahal izateko.
Xabat: Gehienok polikiroldegiko ikastaroak aprobetxatuz ikasi dugu igeri ongi egiten. Gainera, azkenaldian triatletentzako ikastaro zehatzak eskeintzen ari dira. Justu orain, ikastaro horietako bat atera da, Hernaniko Udal kiroldegian.
Asier: Beno, eta badago jendea neoprenoa hartu eta itsasoan entrenatzen duena.
«Txapelketetara bakarrik joan beharrean, talde baten barruan joaten bazara, babestuagoa zoaz; segurtasun haundiagoarekin».
Zumitzako taldean sartzeko zalantzan dagoen norbait, nola animatuko zenukete?
Xabat: Probatzeko, ezinbesteko giroa topatuko duela.
Zer eskaintzen du taldeak?
Lander: Lagunarte polita eta asesoramendua, batik bat. Hasieran, txapelketetara bakarrik joaten bazera, galduta ibiltzen zara. Arau batzuk daude, lizentziak eta agiriak behar dira, ... dakitenekin joaten bazara edo talde baten barruan, babestuagoa zoaz. Segurtasun handiagoarekin.
Xabat: Guk, oraindik ere, urtero zerbait berria ikasten dugu.
Lander: Sozialki ere, taldean sartzen den edonork lagunarte polita aurkituko du. Afariak etab. egiten ditugu. Denboraldian ez gaudenean ere, nahiz eta kirola gutxiago egin, afariak mantendu egiten ditugu.
Xabat: Hori bai, norbaitek taldeka entrenatzea bilatzen badu, hori ez du aurkituko. Bakoitzak bere eginbeharrak eta ordutegiak ditu eta zaila egiten zaigu bat egitea.
Iban: Gainera, oso bakarkako kirola da triatloia. Bakoitzak bere beharrak ditu, bere pultsazioak, modalitate bat gehiago landu beharra,... Hori bai, askotan, larunbata eta igandetan txirrindan buelta bat emateko geratzen gara. Zumitza txirrindulari elkarteko kideekin batera.
Lander: Triatloi taldea txirrindulari taldetik sortu zen. Beraz, bi sekziotan banatutako talde bat garela esan daiteke.
Zer egin behar da Zumitza triatloi taldeko kide izateko?
Lizentzia ateratzeko eman behar den lehenengo pausua eta seguruenik, garrantzitsuena, mediku batengana joatea da. Ondoren, gurekin harremanetan jarri eta guk azalduko diogu gainontzekoa. Federazioan ingresoa egin, argazkia eraman…
Denontzako lekua
Zumitzako Triatloi taldeko kideek argi utzi nahi izan dute bertan denontzako lekua dagoela. Hasiberrientzako, kirola lasai hartu nahi dutenentzako, exijentzia haundiarekin aritu nahi dutenentzako… Maila desberdinak onartzen dira: «lagunarte bat da, ez dira denborak aurkeztu behar eta triatloietan babestuta sentituko dira».
Herritarren batek Zumitzako taldean hasi nahi badu, harremanetan jarri besterik ez du: inesa@euskalnet.net edo telefonoz deitu: 655 708 281 (Asier), 647 670 864 (Lander).