Asteburu honetan, EHbilduko hautetsi eta herritarrok 24 orduko baraualdia egingo dugu Bilbon espetxe politika salatzeko. Egun, 450 euskal herritar baino gehiagok jarraitzen dute preso, horietatik 24, hernaniarrak.
Dispertsio politika dela eta Hernaniko preso guztiak Euskal Herritik kanpoko kartzeletan dauzkate, Hernanitik 300km baino gehiagotara denak. Bataz beste 700kmko distantziara dauzkate. Familiarteko eta lagunek bisitan joan ahal izateko izugarrizko zailtasuna da hau, ekonomikoki soilik, bataz beste 1400€ko gastu ekonomikoa suposatzen baitu.
Hernaniko presoei ere, zigorrak gogortu eta 40 urtetaraino luzatu dizkiete eta baldintzapeko askatasuna lortzea ia ezinezko bihurtu dute. Parot Doktrina aplikatu diete eta kaleratzeko azken eskaerak ere ukatu dizkiete.
Hau guztia nahikoa ez eta mediku asistentziarik gabe, edo asistentzia urria dute askotan. Baldintza kaxkar hauek herriko preso guztiei eragiten badiete ere, are nabarmenago larriki gaixo dauden Gari eta Iboni. Kalean egon behar luketen arren, egoera oso gogorra bizi dute eta.
Preso dauden hernaniarren eskubideen alde izango gara Bilbon. Presoek Euskal Herrian egon behar dute, etxean, salbuespenik gabe. Gizartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena argia da, gatazka politikoaren konponbide integralerako ezinbestekoa zaigu espetxe politika hau gainditu eta preso dauden pertsonak gurekin izatea.