Marcha Verde gertatu zen egunetan, ni neu inguru haietan nenbilen, beste 30 bat euskaldunekin batera. Garai haietan soldadu joaten ginen. Niri neuri Marina tokatu zitzaidan. Ferrolen Jura de Bandera egin, gerrako barkuan sartu (Vicente Yañez Pinzon zen barkua) eta Sahara aldera bidali gintuzten. Sahara, Espainiako probintzia baitzen. Probintziarik handiena. Noski, Marina espainolaren helburu sakratua: «La defensa de la Madre Patria». Eta Vicente Yañez Pinzon horregatik zen gerrako barkua eta ez ONG bat.
Ba, Marcha Verde hura zela medio, Sahara da, gaur egun, Maroko. Vicente Yañez Pinzonek ez baitzuen agindurik jaso, La Madre Patria defendatzeko. Agindua jaso izan bagenu ere, ezin izango genuke bete: Vicente Yañez Pinzon gerrako barkua, kontrabandoz beteta baitzegoen, leporaino. Munizioa kendu eta kontrabandoa sartzeko agindu ziguten. «Artillero dale fuego» agindu izan baligute, han aterako ziren kanoi guztietatik… Chivas wiskiak, Montecristo Kubako puruak, Grundig aparatuak…
Ordura arte, saharar guztien DNI agirian jartzen zuen: Nacionalidad española, bere bandera rojigualda eta guzti. Egun, Tindoufeko errefuxiatua, Espainiarentzat da: apatrida. Alegia, aberririk gabea. Horrek berekin dakarren kalte guztiarekin, paper ziztrinen bat lortzeko orduan.
Eta, Sahara eta saharar guztiak saldu zituzten haiek beraiek gaur diote, ozen ozen: «España no está en venta». Hasieran, iragarki inmboliario bat ematen zuen. Orain, berriz, txiste bat, barre-algarak eragiteko. Batek esan zidan bezala «Bada, oraindik, Espainian, zer edo nor, saldu gabe?» Hala ere, lelo barregarri horrekin jarraitzen dute: «España no está…». Azkenengoz, bart entzun nuen, telebistaz. Gaur, beheko bizilagunak: «Atzo ze ari zinen ikusten, Vaya Semanita edo?” Haiek algarak entzun genizkizun!»